Biltegi hotz batean elkar topo egin dute Iker Galartza (Amezketa, Gipuzkoa, 1977) eta Zuhaitz Gurrutxaga (Elgoibar, Gipuzkoa, 1980) aktoreek. Uste baino lehen erretiroa hartuko duen langilea izanen da Galartza, eta lanean hasi berri den gaztea izanen da, aldiz, Gurrutxaga. Belaunaldien artean eman daitezkeen talkei, kapitalismoari eta besteri heltzen diote Almazenean izeneko antzezlanean. Herriz herri dabiltza antzezlana taularatzen; egunotan, esaterako, Donostian dabiltza, eta 9an Ordizian (Gipuzkoa) izango dira. Antzezlanaz ez ezik, publikoaren garran-tziaz, eta konplizitateaz ere mintzatu dira.
Estreinaldian aretoa bete zenuten; nola bizi zenuten?
IKER GALARTZA:Askotan, ardura puntu batekin. Estreinaldia da, antzokia beteta dago eta, agian, gustatuko litzaiguke gauzak polikiago egitea eta dena ongi izatea. Hasieran, ez dakigu jendearen erreakzioa nondik joango den, noiz egingo duten barre eta jarraituko gaituzten. Orduan, zalantza eta ardura pila batekin aritzen gara jendea aretotik pozik atera dadin.
ZUHAITZ GURRUTXAGA: Lehendakari gaia izeneko antzezlanarekin bi urte eman ditugu Ikerrek eta biok, eta gehienetan jendea oso gustura atera da. Horregatik, uste dut jendeak ikusi nahi zuela oraingoan zer eramaten genuen an-tzokietara. Beraz, espektatiba horrekin ere erantzukizun bat genuen, eta antzezlan honetan ere jendeari zerbait polita eskaini behar genion. Zorionez, uste dut lortu dugula.
Kezka handia sentitzen duzue aretoa betetzeagatik? Betetzeko joera dagoela iruditzen zaizue?
I.G.: Gure lana dela eta, asko ikusteko denborarik ez dugu izaten, baina gustatuko litzaidake antzerki gehiago kontsumitu ahal izatea. Lagunek diotenez, jendea antzerkia ikustera joaten da. Uste dut Euskal Herrian zaletasuna dagoela.
Z.G.: Ilusioa egiten du antzokia bete dela ikusteak, baina guri ilusio gehien egiten diguna da ikusleak gustura ateratzea. Antzokia beteta egon, baina eskaintzeko duzuna ez bada ona edo ez bada iristen, ez du askotarako balio eta ez gara gustura ateratzen handik. Antzokia betetzea ongi dago, baina hara joan den jendeari gauza polit bat eskaintzea hobea da oraindik.
Nola eragiten dizue publikoaren erreakzioak?
I.G.: Antzerkian esaten da publikoaz ahaztu behar dela, eta edonola dagoelarik lana egin behar dela. Guk ez diogu erreferentziarik egiten publikoari, ez dugu inor ateratzen eta ez diogu hitz egiten. Halere, publikoa presente izaten, entzuten eta jarraitzen ari dela sentitzen saiatzen gara. Uste dut asko edo gutxi egon, ez zaigula publikoa ahaztu behar. Oraindik ez ditugu emanaldi asko egin, baina badakigu jendeak gustuko duela. Hala ere, hobetzeko ere dugu. Zuhaitzek esaten duen bezala, publikoak gure tokian jartzen gaitu, eta esaten digu ongi egiten ari garen edo zuzentzeko gauzak dauden.
Hortaz, pista asko ematen dizkizue?
Z.G.: Bi hilabete luze entseatu dugu publikorik gabe, eta azkenan publikoa behar dugu ongi ari garen edo ez jakiteko. Askotan komedia lan-tzen dugu, eta ez dakigu txiste batek edo ateraldi batek grazia egiten duen, perspektiba galtzen dugulako.
Publikoa entzun ostean aldaketak egiten dituzue?
I.G.: Zuzenketa txikiak egiten ditugu. Gauza ba-tzuekin saiatzen gara, baina ikusten dugunean ez duela uste genuena eragiten etsitzea toka-tzen da. Beste batzuetan, sorpresak ere jaso-tzen ditugu, eta espero ez dugun momentu batean jendea irribarretsu dago. Batzuetan erantsi behar dugu eta besteetan kendu; beti ahalik eta fidelenak izaten.
Almazen batean dauden bi langile zarete. Bat gutxi barru hasiko da lanean, eta besteak lehenago hartuko du erretiroa. Nolakoak dira pertsonaiak?
I.G.: Nire pertsonaiak lehenago hartuko du erretiroa gaixotasun bat duelako, eta etsitzea kostatuko zaio badakielako ardura handiko lana dela. Uste dut gizartearen ispilu izan daitekeela momentu batzuetan. Hamaika urte ibili da aprendiz bezala gero arduradun izateko. Zuhaitzen pertsonaiak, aldiz, bost egun izango ditu arduraduna izateko. Orduan, zaharrak zalantzan jartzen du hamaika urtetan ikasitakoa gazteak bost egunetan ikasiko ote duen. Horrez gain, beste galdera batzuk ditu: Zeren bila dator gaztea? Benetan lan egin nahi du?
Z.G.: Bi belaunaldien arteko talka dago. Alde batetik, gure gurasoen belaunaldia; hau da Ikerren pertsonaia. Lana, errespetua, konpromisoa eta beste irudikatzen duena. Bestetik, nirea, gaztea, beste era batera hartzen duena lan egiteko modua.
Antzeko adina izanik, nola egin duzue pertsonaiek adin diferentzia handiagoa izateko?
Z.G.: Karakterizatu egiten gara; niri tokatzen zaidana ni baino gazteagoa da, Ikerrena, aldiz, kontrakoa. Ikerren janzkera klasikoagoa eta zaharragoa da eta makillatzen da itxura ere aldatzeko. Nire janzkera, aldiz, gazteagoa da. Orduan, behintzat urrutitik begiratuta, nolabait adin diferentzia dagoela ematen du. [Kar, kar, kar].
Kapitalismoaren eta lan esplotazioaren inguruan hausnartu duzue; gaur egungo lan egoera isla-tzen duzue?
I.G.: Lanak eta lanak daude. Seguruenik enpresa txiki batek funtzionatzeko ordu gehiago sartu beharko dituzu. Enpresa handi bateko langileak edo funtzionario batek, aldiz, bere orduak sartuko ditu eta kito. Gaur egun zeinek oparitzen ditu minutuak? Gaur egun zein dago prest aparteko orduak egiteko? Denok nahi dugu lana, ongi bizi, gure zortzi orduak egin eta kito. Horregatik, jende asko identifikatua sentitu daiteke.
Bestelako gogoetarako espazioa ere badago?
I.G.: Ez dakit kapitalismoaz eta lan esplotazioaz hainbeste hausnartzeko emango duen, baina bai belaunaldien arteko distantziaz. Gure gurasoen belaunaldikoek lanari konpromiso eta balore handia eman diote; askotan, agian, gehiegi. Gazteok, agian, beste ikuspegi batekin gatoz; lan egin nahi dugu bizitzeko, eta ez bizi lanerako. Antzezlanean ikusten da nola urrun egonda, iristen diren puntu amankomunetara.
Komedia zorrotz eta garratza dela esaten duzue. Zer esan nahi duzue horrekin?
I.G.: Gordina dela bere zentzu guztietan; hau da, ez dago parafernalia handirik. Dekoratua almazen hotz bat da, oso urria eta mahaia eta aulkia ditu. Testua ere gordina da, eta erabat biluzten dira pertsonaiak.
Z.G.: Hori da. Garratza baino, gordina dela esango nuke. Hau da, hotza, txikia, isiltasun eta pausa handiko testua.
Aurretik ‘Lehendakari gaia’ egin zenuten eta orain ‘Almazenean’. Ordu asko dira elkarrekin; ongi moldatzen zarete, ezta?
I.G.: Emanaldian elkarrekin egiten ditugun bidaiak eta beste daude. Lan guztietan bezala batek egun ona dauka eta besteak igual okerragoa. Elkarbizitza eta errespetuan oinarritu behar gara; hau da, elkarrekin barre egin eta beste batzuetan, elkar jasan. Uste dut oso ongi moldatzen garela.
Z.G.: Uste dut bi urtez elkarrekin egon ostean, denak funtzionatu duela oso ongi. Antzezlanak ongi funtzionatu zuen, eta pentsatu nahi dut eszenan zein eszenatik kanpo dugun konplizitatea nabaritzen dela. Elkarrekin lan egiteko eskatu zigutenean oso erraza izan zen baiezkoa ematea, eta hori gauza ederra da.
‘Lehendakari gaia’ egin zenutenetik orain arte, antzezlana eta pertsonaiak aldatu dituzue, baina aktore berdinak zarete. Nola egiten duzue pertsonaia batetik bestera joateko?
I.G.: Hasieran zaila ematen du, baina azkenean, testuak zure tokian jartzen zaitu. Lehendakari gaia antzezlanak testu asko eta abiadura handia dauka. Almazenean antzezlanean aldiz, argi genuen zerbait desberdina egin nahi genuela, eta testua hartzean, beste pausa batean jartzen zaizu gorputza, argiak desberdinak dira, planteamendua ere. Orduan, testuak ematen du tonua.
Eta bi antzezlanak batera eginez gero... Orduan zer?
Z.G.: Interesgarria izango da Donostian bi an-tzezlanak batera egingo ditugulako; bi egunez Almazenean eta hortik bi astera Lehendakari gaia. Diferentzia horiek ikusteko eta bizitzeko proba polita izango dugu.
Aurreko antzezlanarekin zein oraingoarekin emanaldiz emanaldi zabiltzate; nola bizi duzue?
I.G.: Bizia eta neketsua da batzuetan; asteburu batzuetan lau emanaldi ditugu. Hala ere, emanaldia bizirik mantentzeko modurik onena da. Zoritxarrez ofizio honetan ez da horrela izaten, baina zorionez tokatu zaigu. Etengabe egiteak fresko mantentzen zaitu, eta aldaketa eta zuzenketa txikiak egiteko onena da hurrengo egunean beste emanaldi bat izatea.
Z.G.: Datozen hiru hilabete eta erdian 45 saio ditugu. Nekagarria izan daiteke, baina egun batean ez bazara gustura gelditu ederra da hurrengo egunean aldaketak egiteko aukera izatea. Zorionez, zorte hori dugu.
Eta denbora tarte handia pasatzen denean zer?
I.G.: Estresatzen naiz eta kezkak eta urduritasuna agertzen dira. Beti sortzen zait zalantza ea gogoratuko ote dudan testua, berehala gelditu behar naiz Zuhaitzekin buelta oso bat emateko, freskatzeko eta ikusteko ongi egiteko gai garela. Ez denez erosoa, disfrutatzera joan beharrean ziurtatzera zoaz.