Sintetizagailuak , erritmo kutxa edo looperra bezalako instrumentuak dituzte esku artean Eli Berazak eta Maddi Gerrikok euren proiektu fresko eta minimalista berrian. Esperimentazioa ardatz izanda, Muare bikoteak atmosfera elektronikoan bildutako pop eta folk doinu melodikoak sortu ditu, hausnarketei eta emozioei lekua eskainiz. Berazaren hitzetan, azken emaitza ikaskuntza prozesuaren puntu bat besterik ez da, proiektua bera “ikaskuntza prozesu etengabea” izan delako.
Koban taldean hasi zineten biak, eta bide berria hastea erabaki zenuten. Zergatik?
Koban taldean ari ginela, zerbait pertsonalagoa egiteko gogoa geneukan Maddik eta biok. Maddik bazeuzkan bere aldetik grabatutako zenbait abesti, eta nik ere Kobanen estilotik aparteko zerbait egin nahi nuen. Ondorioz, entsegu lokalera joatea eta zer atera-tzen zen ikustea erabaki genuen. Horrela ekin genion bideari.
Beraz, zerbait pertsonalagoa sortzea zen helburua?
Gureagoa zen zerbait sortzea zen asmoa. Izan ere, jende askoz osatutako talde batean, norbere gustu eta interes pertsonalak bigarren plano batean geratzen dira, taldearen helburuei jarraitzeko. Hori dela eta, zerbait pertsonalagoa eta intimoagoa egiteko, eta sortzen genuen horrekiko kontrol gehiago edukitzeko helburuarekin sortu genuen Muare.
Hala, kantu berrien sorkuntzan eta soinuaren bilaketan aritu zarete ordutik. Zelakoa izan da bidea?
Soinuaren bilaketan baino gehiago, guk buruan geneukan iruditegi sonoroa zelan irudikatu jakiteko bilaketa izan da gurea. Hasierako pausoa izan zen jakitea nola emango genion gorputza eta nola emango genion sonoritatea guk buruan geneukanari. Eta horretan ibili ginen denbora batez. Gero, bilaketa teknikoa ere egin behar izan genuen, eta tresnak probatzen ibili ginen, zer erabili eta zer ez jakiteko. Gainera, guretzat berriak ziren tresnak erabiltzen ikasi behar izan dugu.
Sintetizagailuak, erritmo kutxak, looperra eta antzekoak dira zuen soinu tresnak. Esperimentazioa izan da lan dinamika?
Esperimentala izan da bidea, bai. Kobanen sintetizagailuak erabiltzen genituen, eta horrek abiapuntua eskaini zigun, baina lortu gura genuen estiloa guztiz bestelakoa zen. Horretara zelan iritsi jakiteko bidea oso esperimentala izan da. Gauza asko probatu ditugu. Bide bat aurkitu eta hori lantzen aritu gara eta pixkanaka zehaztu dugu nola egikaritu buruan geneukan hori.
Musika egiteko erak ere guztiz desberdinak dira soinu berri eta garaikide horiek erabilita?
Prozesua nahiko desberdina da ideiaren oinarria kontutan izanda; hau da, kantua melodia batetik sortu bada, melodia hori jantzi dugu. Aldiz, badaude armonia batetik edo erritmo segida batetik sortu diren abestiak ere, eta horrek asko alda-tzen du bai prozesua, bai emaitza.
Abestiak ere bata bestearengandik desberdinak dira.
Hori abesti baten jatorriaren emai-tza da. Dena den, esango nuke ahotsek presentzia asko dutela abesti guztietan. Melodiei garran-tzia berezia eman diegu, ahotsa delako gure kontatzeko modua. Ahotsa iristen da gehienbat entzulearengana, eta transmititzeko garrantzitsuena da.
Kantuekin hausnarketak landu dituzue. Zer transmititu nahi izan duzue?
Badaude bizitzako edozein garaitan gertatzen zaizkigun momentu desberdinetatik jaio diren letrak; gertaera horiei buruz hausnartu eta testu bat idazteko eta kantatzeko gogoa izan dugu. Baina badaude lagunen artean izandako elkarrizketetatik ateratakoak ere.
Grabaketa maiatzean abiatu eta abenduan amaitu zenuten. Nolakoa izan da?
Dezente luzatu zaigun prozesua izan da, baina asko ikasteko balio izan diguna. Azken bi urte hauetan egin dugun lanaren beste fase bat izan da grabaketa prozesua, eta ez, azken emaitza. Ze, hasi ginenetik diskoa grabatuta izan dugun arteko bidea ikasketa prozesu etengabea izan da. Hasieran maketa bat egiteko asmoarekin hasi ginen, gogoa geneukalako guk gure medioekin gurea izango zen lana argitaratzeko, prozesuaren jabe izateko. Baina denborarekin, konturatu ginen emaitza gero eta profesionalago bat nahi genuela, zerbait ondo egiteko gogoa geneukala. Horrek prozesua luzatu du, eta nahasketa eta masterra uste baino profesionalagoak izan dira. Balio izan digu gure gaitasunak garatzeko.
Zelako harrera eduki du lanak?
Iritsi zaigun feedbacka oso positiboa izan da. Durangoko Azokan aurkeztu genuen lana Balio Dute eta Mukuruko lagunekin jarritako postuan, eta egia da horrelako azoka handi batean gurea bezalako proiektu txikiak aurkezteak txikia dena txikiago egitea dakarrela, baina helburua bete dugu eta emaitzarekin pozik gaude.
Balio Dute kolektiboaren parte zarete. Zerk egiten du berezi?
Beraiek gabe bide hau oso desberdina izango litzateke: seguru zailagoa, seguru bakartiagoa. Nabarmendu behar da gertukoak senti-tzen ditugun lagunek osatzen dutela kolektiboa, eta elkar sostenga-tzen dugula. Hasiberria zarenean edo ikasten ari zarenean, oso garrantzitsua da bultzada hori izatea. Disko bat argitaratzeko egin beharreko lan txiki asko dago, eta horretan laguntza asko jaso dugu kolektiboaren aldetik. Bizitzan bezala, lagunekin hobeto da dena, eta horrelako proiektuetan ere, babestua sentitzea oso positiboa da.