Mikele Landa Eiguren Ikus-entzunezko Komunikazioan graduatua da EHUn eta Suediako Karlstad Unibertsitateko zinema-fakultatean. Dokumental Sortzailean eta Zinema Esperimentalean espezializatu zen Madrilgo TAIn. Bere master-amaierako lana, Heldu, Zinebin aurkeztu (2018) zuten, eta zuzendaritza onenaren saria jaso zuen Euskal Zine Bileran (2019).
Harrez geroztik, ikus-entzunezko proiektuak garatu ditu hainbat elkarterekin elkarlanean; tartean, Mali, 10 urtetan. 2022an, Elías Querejeta Zine Eskolaren Sorkuntza graduondokoa amaitu zuen, eta Noizko basoa master-lanarekin Nest Donostia Zinemaldiko zinema-ikasleen nazioarteko film laburren lehiaketan, Zinebin eta Punto de Vista jaialdian parte hartu zuen. Egun, Senda, bere fikziozko lehen film luzea, lantzen ari da.
Abesti bat:
Pequenas verdades, Marizaren fado bat. Entzuten dudan bakoitzean ezin dut ahoa itxita eutsi.
Musika talde bat:
Eztandap. Ea eta Zornotzako musikariek osatutako rock blues talde “kañeroa”.
Bakarlari bat:
Peru Galbete, ahotsetik abiatuta, musikatik haratago doalako bere kantuekin, poesia, zinema eta eszenaratzea uztartuz.
Liburu bat:
Las palabras de Amkoullel. Amadou Hampâté Bâ idazleak Malin jasotako ahozko kondairak biltzen dituen liburu ederra.
Idazle bat:
Mari Luz Esteban, bere lanek inguruari so egiteko duen begirada zorrotza era poetikoan irakurtzeko aukera eskaintzen dutelako.
Antzezlan bat:
Zambuia. 2018an Metrokoadroka kolektiboak Eako azken Poesia egunetarako herrian sortu zuten antzezlana. Herri osoa oholtza bihurtu zuten, baita itsasoa ere.
Film/Telesail bat:
Lila Avilesen Totem, zineman ikusi berri dudan azken filma da eta luzaroan ahaztuko ez dudana.
Zine zuzendari bat:
Celine Sciama, bere gidoilari eta zinemagile jardunetik asko ikasten ari naizela uste dut.
Kultur espazio bat:
Pabilloi 6, Bilboko Zorrozaurren dagoen areto autogestionatua.