Bakoitzarentzat uda mota bat dago, hori argi dago. Ikasleek bi hilabete aske, baita irakasleek ere. Langileek lan eta lan. Musikariek, zer esanik ez; goi denboraldia probestu eta jo eta jo, negurako sosen bila. Eta beste batzuentzat berdin du, Udan negurako, neguan udarako, gogorik ez lanerako atsotitzak dioen legez. Komuna dena kalean egoteko gogoa da, eguzki zein ilargitan, denbora lagunekin pasatzekoa. Eta egarria. Eta abesteko zein dantza egiteko grina. Sinesmen kontuengatik kokatu ote dira gure jaiak egutegian edo musikaz gozatzeko, agian? Soinutopian musikan besterik ez dugu sinesten, beraz, zuzenekoetan omentzeko prest.
Gainera, zorte handia dugu gure hiriburuetako jai herrikoiei esker. Parte hartzeko prest bazaude, zure proposamena aintzat hartuko da, bai jotzeko edo ikusteko gogoa duzun taldea proposatzerako orduan. Kanpoko taldeak ikusteko, zure talde berria martxan jartzeko, erromeriarekin dantza egiteko, batukadaz alde zaharra betetzeko edo DJekin gaua luzatzeko aukera izatera ohitu gara gurean, eta askotan ez diogu atzean egiten den lanari erreparatzen. Gure partetik, kontzertuen artean aukeratzeko laguntza txiki bat eman nahi dizugu, datorren eguraldi beroarentzako onena musikaz bustitzea delako.
Gasteizko Andre Maria Zuriaren Jaiak, abuztuaren 4tik 9ra arte
Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaiekin hasiko dute abuztua. Zeledonek bere jaitsiera egin orduko emango diete hasiera jaiei. Txosnetara bertaratuta, egun bat lehenago (abuztuak 3, osteguna) jada prestatuta izango dute Entxosnazio eguna. Bertan, beste batzuen artean, Sres Tensos eta Bulego arituko dira. Etorri gugana dio aurtengo Gasteizko Txosnetako lemak, eta duten talde sorta edukita ez da gutxiagorako! Ostiralean, ska gaua nagusituko da, Juantxo Skalari & La Rude Band eta Skabidean taldeekin. Gaua girotzeko izango da baita Negra Cucaracha talde gomendagarria. Larunbatean, erromeriaz gozatu ahalko da Ezta Ilen talde interesgarriaren eskutik, eta igandean, bertako Vibora taldeak kristoren soinu deskarga bortitza eramango du taula gainera. Egun berean, Tropa do Carallo, Evaristoren abentura berria, izango da herritarren eskura, eta baita DJ Balzaren musika ere. Astelehenean oraindik ajea ezin kenduta, hip hop musikaz girotuko dute gaua Odei eta Los Chikos del Maizek. Ondo pentsatu du asanbladak; izan ere, astearte eta asteazkenerako kartelik beroenak utzi dituzte. Asteartean, Ezpalak, Txopet, Merina Gris, Belako eta Miravalles eta Rosa Mariren DJ saioak egongo dira. Asteazkenean, STR, Toc, Hofe x 4:40, Albany eta Lamia Mariren DJ saioak gailenduko dira. Gehiago behar duzula? Joan zaitez udaletxeko eszenatokira, denontzako dago zerbait eta!
Donostiako Aste Nagusia, abuztuaren 12tik 19ra arte
Aspaldi utzi zuen atzean Donostiako Aste Nagusiak izozki eta su artifizialen topikoa; batez ere, Donostiako Piratak ekimenak ekarri zuen herritarren parte hartzeari esker, postaleko hiria baino askoz gehiago den Donostia maitera. Eta Abordaiaren sinbolismoak zer esanik ez! Ba al dago hiri bat jaietan hartzeko modu ederragorik? Uda betean, itsasoan, eta musikaz gozatzeko prest! Lasai, azkenengo txalupa heldu arte itxarongo dute kontzertuei hasiera emateko! Saguesek, esaterako, En Tol Sarmientoren kontzertua hartuko du abuztuaren 12an, eta Gari & Maldanbera eta Hertzainak musikarien ikuskizuna, aldiz, 14an. Aldiz, Flamenkan, portu alboko Piratak herri mugimenduaren gune politean (mesedez, zaindu itsasoa eta plastikoak batu) egitarau oparoa! Azpimarragarrienak honakoak: abuztuaren 13an, Ibil Bedi (beraien Goldea lana urteko hoberenen artean egongo da, ziur); 15ean, Olaia Inziarte eta Sua; 16an, La Excavadora eta Delirium Tremens talde historikoa zuzenean ikusteko aukera aparta (musika berriarekin datoz, gainera); 18an, rock musikaz jantziko da gaua, Ezpalak eta Niña Coyote eta Chico Tornadorekin, eta 19an, azkenik, Herenegun skazale gazteak eta XSakara rap-kantaria igoko dira oholtzara. Zer gehiago behar duzu unibertsitateko kideari sofa eskatzeko? Gero, bainutxo bat hartu Zurriolan eta fresko-fresko jaia jarraitzera.
Bilboko Aste Nagusia, abuztuaren 19tik 27ra arte
Bilboko Konpartsek egiten duten lanari esker, txosna eremu dotore eta historikoa du Bilboko Aste Nagusiak. Eta Marijaiak zerbait eskutik ekartzekotan, musika da hori, noski. Gainera, aurten, musikazaleok badugu zer ospatu. Zea Mayseko Aiora Renteria izendatu dute pregoilari! Ohore handia izango da musikaren ikurrina Izaskun Pinedorekin (Pinpilinpauxa) txupinazoraino eramatea. Zoritxarrez, oraindik ez dago argitaratuta Konpartsen egitarau osoa. Pinpilinpauxak abuztuaren 22an Ladilla Rusa hartuko du; Aixeberrik Xiberoots iparraldeko reggaelariak hurrengo egunean, eta 24an, Lehiotikanen hardcore musika. Egitarau osoa jasotzerakoan, ondo ikasi behar den horietakoa da, baina Algara eta Kranba txosnen egitaraua jarraituz, beti asmatzen da. Ambigun, Silitia edo Cuero egongo dira, beste batzuen artean, eta Kafe Antzokian Viva Belgrado! Europa parkean, aldiz, Lori Meyers, Gatibu, Zetak eta bestelakoak hartuko dute lekua; Plaza Berrian, “munduko musikak” eta Bilborocken, urteroko pop rock erakustaldia. Azkenengo horren baitan, proposamen interesgarriak egongo dira: Xatiro, Laztana, Los Retumbes edo Supercremalleras bezalako taldeak, kasuan kasu. Ah! Eta ez ahaztu, kalean bat-batean muntatzen diren Zuk Zeuk Egizu kontzertuak ere egongo direla, talde underground-enak ikusteko aukera bikaina. Gainera, lasai, kurtsoan zehar ere jai herrikoiak izaten direla!