Erroma klasikoak, beste gauza askoren artean, hainbat istorio eta pertsonaia biltzen dituen mitologia eta kultura oparoa utzi zigun ondare bezala. Obra desberdinen bitartez garai hartako gizartea, jendearen ametsak edota sufrimenduak ezagutu ahal izan ditugu, besteak beste. Lan horien sortzaile nagusienetako bat Virgilio da; olerkari erromatarra ezaguna da Eneida bezalako lanengatik. Bertan, erromatar inperioaren sorkuntza azaltzen du, baina elementu mitikoekin landuz kontakizuna, gerora beste hainbat autorek erreferentziatzat hartuko zuten poema sorta batean. Arazo bakarra da Eneida bezalako obretan protagonista beti izaten zela gizon bat eta bigarren mailako pertsonaiek, emakumeek kasu askotan, ez zutela pisu handirik izaten. Duela urte batzuk Ursula K. Le Guin idazleak buelta bat eman nahi izan zion egoera horri eta Lavinia izeneko liburua kaleratu zuen, Eneidaren istorioa Laviniaren, protagonistaren emaztearen, ikuspuntutik azalduz. Orain, eleberri hau irizpide izanik, Kabia teatro konpainiak Lavinia antzezlana estreinatuko du Bilboko Arriaga antzokian, maiatzaren 22an euskaraz eta 24an gaztelaniaz.

“Intriga, misterioa, maitasuna, gerra, estrategia eta natura ditu hizpide istorioak”, konpainiak azaldu duenez. Ezaguna beti Eneas heroia izan bada ere, orain Kabia taldekoek ilargiaren alde ezkutua aurkeztu nahi dute; “nahi duena eraso gabe, bultzatu gabe eta zapaldu gabe lortzen duen pertsonaia xalo eta indartsu baten eskutik ibiltzeko gonbita” eginez. Kontakizun horren buru, Laviniaren azalean jarriz, Amets Ibarra aktorea dago. Orain arte bere ibilbidean zehar izan duen paper garrantzitsuena da, eta era berean “asko” disfrutatzen du Lavinia antzezten, bere hitzetan. “Nahiz eta Laviniaren bizitza eta nirea oso desberdinak izan eta garai desberdinekoak izan arren, bere izaerarekin identifikatua sentitu nintzen hasieratik eta asko gustatu zitzaidan pertsonaia”.

Spin-off bat

Lavinia obra Virgiliok idatzi zuen jatorrizko poema sortaren bertsio bat baino gehiago, gaur egun telesailetan edo pelikuletan modan dauden spin-off bat bezala ikus daiteke, hau da, jada sorturik dagoen lan batetik eratorritako narrazio lan berri bat. Ibarrak azaldu duenez, “Lavinia Eneasen hirugarren emaztea da, baina Virgiliok hiru lerro baino ez zituen idatzi zituen pertsonaia horri buruz. Ez dauka hitzik obran zehar. Hortaz, Ursula K. Le Guin-ek Lavinia nobela idatzi zuen, pertsonaia horren istorioa kontatuz”. Hortaz, Eneidaren parte bat bai, baina ez da guztia pertsonaia honen begietatik erakusten zaiguna. Eneas nola ezagutzen duen azaltzen da edo erresumara nola heltzen den, baina batez ere kontatzen du Laviniaren bizitza, haurra zenetik.

Antzerki koral bat bada ere Juana Lor-en zuzendaritzapean, Yolanda Bustillo, Karmele Larrinaga, Javier Liñera eta Iñaki Urrutiak osatzen duten taldean. Beste pertsonaia nagusiaren papera, hau da, Eneasena Aitor Guisasola aktoreak hartu du. Berak azaltzen duenez, “Virgiliok idatzitako epopeian bera da protagonista. Garai hartako obretan gizonak ziren beti protagonistak eta garrantzia handiena zutenak, beti gerrak pisu gehiago izaten zuelako. Eneas bera gerlari bat da, baina kasu honetan bigarren mailako pertsonaia bat bihurtzen da obran, eta baita Ursula K. Le Guin-ek idatzitako liburuan”.

Virgilioren ‘Eneida’ lanaren bertsio libre bat ondu dute Kabia Teatroko kideek. Hodei Torres

Ezaugarri garaikideak

Antzezlanak iturburu obra klasiko bat duen arren, Guisasolarentzat gaur egungo elementu asko dauzka istorioak. “Kasu honetan gure obra Txanogorritxo kontatzen egongo bagina bezala da, baina amamaren ikuspuntutik. Berez obra klasiko bat da? Ba bai, baina estrukturalki eta dramaturgia aldetik buelta bat eman zaio”. Aktorearentzat dramaturgia aldetik egindako lanak, “obra modernoago batera” hurbiltzen du. Zoritxarrez kontatzen diguna, bai gerra eta bai bestelako gaiak, gaur egun oraindik pairatzen ditugu, baita emakumeak bigarren maila batean egotea ere”. 

Atzerapena

Lavinia antzezlana pasa den martxoan estreinatua izatekoa zen, baina azken orduko istripu batek bere emanaldia atzeratu du hilabete honetara arte. Estreinaldia baino egun bat lehenago Guisasolak zuntz haustura bat izan zuen hanka batean. Hala ere, bai Ibarrak, zein Guisasolak ondo hartu dute atzerapen hau, Arriaga antzokiak emandako laguntzarengatik bi data berri eskainiz istripua gertatu bezain laster eta egoeraren alde positiboa ikusiz. “Pena bat izan da pausagunean egon behar izan garelako eta entseatzeko zailagoa izan da, baina obra muntatuta zegoenez, errepasatzea izan da lana. Ahal izan dugun guztia perfekzionatzen saiatu gara”, kontatu du Ibarrak. Guisasola iritzi berdinekoa da, behin lesioa sendatuta; “denbora gehiago izateak entseatzeko beti laguntzen du eta horrek pisu bat ematen dio testuari gehiago barneratzeko”. Ibarraren hitzetan, “batzuetan sormen prozesuei denbora ondo datorkie”.