Estilo bereizgarri baten adibide dugu orrialdeko eraikin hau eta Marcel Breuer arkitekto esanguratsuaren sinadura darama. Marcel Lajos Breuer arkitekto eta diseinatzaile industrial hungariarra izan zen, mugimendu modernoko maisu garrantzitsuenetakoa bat. Hasieran, eskala txikiko elementuen diseinuan aritu zen eta horren adibide dugu Wassily aulki ezaguna. Gerora, arkitekturara gerturatu zen eta hormigoiaren inguruan egin zituen ikerketak garrantzitsuak izan ziren.

Bauhaus (Alemania) eskola ezagunean ikasi zuen eta gerora bertako altzari tailerraren arduraduna izan zen. Eskola pentsamendu modernoa krisi garaian zegoenean sortu zen eta bertan arkitektura, arte plastikoa eta artisautza batzen ziren. Helburua momentuko krisiari erantzuna emango zien artista mugimendu bat sortzea zen, horiek kontzientzia sozial eta intelektualarekin irten zirelarik. Artearen eta industriaren arteko harmonia bilatzen zuten. Breuer egon zenean Walter Gropius-ek zuzentzen zuen eskola. Hala, berarekin mugimendu modernoko ideia estetiko garrantzitsuak barneratu zituen.

Gerora Gropiusekin Massachusettsera joan zen. Han Harvardeko Unibertsitatean izan ziren irakasle eta eragin handia izan zuten arkitekto estatubatuarretan. 1946an New Yorken kokatu zen eta hurrengo 30 urteetan ehun eraikin baino gehiago diseinatu zituen: museoak, liburutegiak, bulego-eraikinak, unibertsitate-eraikinak zein egoitzak. Asko, estilo brutalistakoak. Handik urte batzuetara Parisera joan zen eta horrela Euskal Herrian arkitekto honen eraikin bat dugu.

Gutxi dira gure inguruan dauden eraikin "brutalistak".

Elementu industrializatuen bultzatzaile nagusietakoa izan zen eta Baionan dagoen eraikina horren adibide dugu. Eraikin "brutalista" baten aurrean gaude eta gutxi dira horrelakoak gurean. Erresuma Batuan sortu zen estilo arkitektonikoa da, Bigarren Mundu Gerra osteko testuinguruan hasi zena eta momentuko beharrei modu azkar batean erantzunez. Mugimendu artistiko bat da, bereziki arkitektonikoa, eta materialen izaera adierazkorra nabarmentzen duena. Eraikin brutalisten eraikuntza minimalistengatik ezaugarritzen dira, eraikuntza materialak eta egitura-elementuak begi bistan erakusten dituztenak. Normalean indar eta presentzia handiko eraikinak izaten dira.

Honakoa frantziar estatuak gerra ostean planteatu zituen etxebizitza politiken ondorioetako bat da. Etxebizitza krisiaren eta zailtasun ekonomiko egoerari aurre egiteko eraikuntza merke, azkar eta sinplifikatuan oinarritutako metodoak erabiltzera bultzatu zituzten. Etxebizitza kolektiboa eta publikoa bultzatzeko asmoz, 1959 eta 1967 artean 195 ZUP eraiki zituzten, guztira 800.000 etxebizitza. ZUP (lehentasunezko urbanizazio eremua) prozedura urbanistiko bat zen, etxebizitza kolektiboa bultzatzeko erabili zena, momentuko inizitiaba pribatuak sustatzen zuten bizitegi eredua ordezkatzeko helburuarekin.

Fatxadan hormigoizko modulu industrializatuak erabili zituen.

Fatxadan hormigoizko modulu industrializatuak erabili zituen.

Baionak 60ko hamarkadan eduki zuen biztanle gorakadari eta etxebizitza eskaerari aurre egiteko, ZUP kategoria ezarri zitzaion Aturri ibaitik gertu kokatzen den zonaldeari. Hasierako programa anbizio handikoa izan zen: lehen hezkuntzako lau eskola, bigarren hezkuntzako bi eskola eta jantokia, bi kirol ekipamenduak, zentro kulturala eta gazteentzako espazio bat, osasun etxea… Etxebizitzak egiteko orduan Breuerrek Le Courbiserrek erabilitako kontzeptu arkitektonikoak planteatu zituen eta momentura arte ikasitakoa maisuki planteatu zuen eraikinean. Bertan egitura, itxitura eta instalazioetarako teknika eta sistema berriak erabili zituen, eraikuntza elementuen industrializazio gradu altua lortuaz eta modu honetan proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa bermatuz.

Etxebizitza-multzoa "pastila formako" zazpi eraikin handiek osatzen dute, eraiki behar zirenen erdiak. Etxeak aireztapen, osasungarritasun eta suteen aurkako betebehar-eskakizun zehatzei erantzun behar zien. Horretarako, lehenago ondo ikasitakoa maisuki jorratu zuen bertan. Etxeetara sarbidea egiten duten pasabideak hiru solairutik behin eginda eta duplex etxebizitzak planteatuz, espazio eta baliabideen optimizazioa gauzatzen da, elementu gutxirekin ahal den gehiena konponduz.

Interes handia erakutsi zuen eraikuntza modular eta forma sinpleengatik. Fatxadetarako sistema berritzaile bat diseinatu zuen hormigoizko modulu industrializatuak erabiliz. Lehenago beste eraikinetan planteatutako sistema hobetu zuen momentuko beharrei modu eraginkor batean erantzuteko asmoz. Proiektu honetan teknikak garrantzia izan arren, estetikak indar eta protagonismo handia du.

1960ko hamarkadan hasi ziren eraikitzen Baionako eraikinak.

Estiloen atzean irakaspen eta deseraikuntza ezberdinak egonik, eraikuntza hau abagune interesgarri bat izan zen soluzio arkitektoniko berritzaileak gauzatzeko. Egun planteatzen diren arkitekturek ere estilo edo korronte bat definitzen ariko dira. Haatik, hamarkada hauetan planteatuko teknika berdinak planteatzen ari dira eta beharrei zuzenean ez diete erantzuten. Zer asetu behar dute? Zer berritasun ekarriko digute arkitektura berriek? Zer ekarriko digu ikasturte honek?