Gutako bakoitza zipriztindu du krisiak; egunero argitaratzen diren zifra hotzen atzetik, bakoitzak bere istorioa du kontatzeko. Krisiaren aurpegi gizatiarra ikertuko du Miren Garatek (Azpeitia, 1985). Tene Mujika beka irabazi berri du; Alberto Barandiaran, Idurre Eskisabel eta Elixabete Garmendiak osatutako epaimahaiak Ekaitzaren zipriztinak bere proiektua saritu du, eta urtebete izango du ikerketa lana egiteko. Garatek ez zuen beka irabaztea espero, baina une egokienean etorri zaio saria, etxetik lan egiteko aukera emango baitio, bere ikerketan sakon landuko duen kontziliazioaren arazoa gertutik bizi baitu berak ere. Kontziliazioarekin batera, krisiaren ondorioz denen ahotan ibili diren terminoak aztertuko ditu Garatek; alfabetikoki landuko ditu, hizki bakoitzari termino bat lotuz. Hala, guztira ekonomiari lotutako 27 hi-tzetan oinarritutako ikerketa lana egingo du.
Kaleratzeak, langabezia, bankuak edota murrizketak bezalako hitzak abiapuntu hartuta, Garatek erreportaje eta testigantza bana landuko du letra bakoitzeko. Testigantzen bidez, herritarrek krisiaren eragina nola bizi duten aztertuko du lanean. Horretarako, Euskal Herriko biztanleak ez ezik, enpresari, psikologo, ikertzaile, ekintzaile eta adituak ere elkarrizketatuko ditu. “Krisiaren aurrean, galdera bat egin diot nire buruari: nola eragin dit niri egoera honek? Galdera horri erantzunez, elkarrizketatuek beren sentipenak kontatzea bilatuko dut”, aurreratu du. Elkarrizketekin batera, aukeratutako terminoak ikertzeko erreportajeak ere egingo ditu Garatek. “Elkarrizketetan jasotako bizipenak osa-tzeko helburua dute erreportajeek; adibidez, ama batek lana utzi eta umeekin etxean gelditzea erabaki duela kontatzen badit, kontziliazioarekin lotutako erreportajearekin osatuko dut berak bizitakoa”, azaldu du.
Lana egiteko urtebete duen arren, Garatek argi ditu bere ikerketaren funtsak. Ez du krisia ikertuko, ezta ondorio edo konponbiderik bilatuko. Bere lanaren helburu nagusia datu ekonomikoen atzean ezkutatzen diren aurpegi guztiei ahotsa jartzea da, baloraziorik egin gabe. Zaila da egun ekonomiaz modu positiboan hitz egingo duen norbait aurkitzea, baina testigantza negatiboetatik harago ikertuko du Garatek. “Egoera guztiak ikertu nahi ditut; adibidez, asko interesatzen zait langileak kaleratu behar izan dituen enpresari baten esperientzia jasotzea, eta baita krisiak bultzatuta, ikasten edo gauza berriak egiten hasi den norbaitena ere”. Kazetariaren esanetan, gutxi landu dira bestelako ikuspegi horiek, eta egoera ekonomiko berria hobeto ulertzen lagundu dezakete.
Ekonomia, protagonista Berria egunkariko ekonomia sailean urtetan kazetari lanetan ibili da Garate, eta krisi ekonomikoaren garapena gertutik bizi izan du. Duela urte ba-tzuk, bere sailak ez zuen azalik bete-tzen egunero baina, gaur egun, albistegi guztietan nagusi dira ekonomiaren inguruko albisteak. “Sekulako aldaketa gertatu da ekonomiako albisteekin; ez dakit krisiaren aurretik zertaz idazten genuen, baina gaur egun garrantzi handia hartu du sailak”. Etengabeko albiste zaparradaren ondorioz, jendea ohitu egin da ekonomiaz gauza txarrak entzutera, baina bestelako ondorioak ere badaude, Garateren ustetan. “Ekin-tzaile, psikologo eta GKEetako eragileekin hitz egitea garrantzitsua iruditzen zait, gaizki pasatu duen jendearekin lan egin dutelako, haiei bide berriak aurkitzeko lagunduz”.
OROTARIKO KASUAK
Langabeziaren aurrean, aukera berriak bilatu dituzte askok, dela hizkuntzak ikasi, beste karrera bat egin, lanez edo bizitokiz aldatu... Aldaketa horiek, positiboak edo negatiboak izan, gizartea eraldatu dute, kazetariaren esanetan. “Ikerketaren helburua ez da kasuak konparatzea, herritarren ikuspegi guztiak ikertzea baizik. Elkarrizketek ez dituzte argazkiak izango, eta lehen pertsonan idatzita egongo dira, elkarrizketatuek bizitako esperientziak direlako garrantzitsuena”. Oraindik goiz da bere lanak ekarriko dituen ondorioak ezagutzeko, baina “Euskal Herriko gizartea hobeto ezagutzeko” balio izatea espero du Garatek.