Armentia ikastolan, bertsolaritza ikasgaian bertsozaletu zen, Uxue Diaz de Cerio irakasle izanik. Aroa Arrizubieta bertako Bertxilika bertso-eskolan hasi zen, Maddi Gallastegi irakasle. 2013ko eskolarteko topaketan partu hartu zuen. 2016, 2017 eta 2019an Arabako Eskolartekoa irabazi zuen. 2017an Euskal Herriko Eskolartekoa irabazten duen lehenengo arabarra izan zen. 2019an parte hartu zuen lehen aldiz Arabako Bertsolari Txapelketan eta finalista izan zen. Aurten Arabako Bertsolari Txapelduna izan da. Bertsolariak elkarrizketa honetan azaldu duenez, finalaren aurreko astean urduritasun eta tentsio handiko egunak bizi izan zituen, baita gogoa eta emozio ezberdinak ere, eguna iritsi zen arte. Hasiera batean finala irabaztea imajinatzen ez zuela esan du, baina lortutako sariagatik harro dagoela ere azpimarratu du. Era berean, esperientzia hori eta hasieratik duen laguntza eskertu ditu. Arabar honi zerbait gustatzen bazaio, txikitatik bertsolaritza da, ikasgelan ikasgai hau ikasten hasi eta ikasgelatik kanpo jarraitzea erabaki zuenetik.

Aroa Arrizubieta Josu Chavarri Erralde

Lehenik eta behin, zorionak, lortutako sariarekin.

–Mila esker. Egia esan, oso pozik nago lortutako txapelarekin. Egun batzuk pasa dira, eta denbora izan dut sariaren ardura nire gain hartzeko. Orain sari hau aprobetxatu nahi dut. Hau da, sari hau izateak zenbait erantzukizun ditu, eta hori poztasunez onartzen ari naiz. Bene-benetan, pozik nago, ez nuen espero finala irabaztea, nahiz eta horretarako gogoa nuen, noski.

Nola bizi izan zenuen egun hura? 

–Txapelketaren aurreko egunetan, finalaren aurreko egunetan, emozioz betetako astea bizi izan nuen. Nahiko urduri negoen. Izan ere, askotan goiz esnatzen nintzen, alarmarik gabe. Emozio askoko astea izan zen, beraz, urduri eta aldi berean gogoz, eguna iritsi eta beste esperientzia batez gozatzeko gogoz. Baina, orokorrean, aste zaila izan zen sentimenduekin. Baina aurreko egun horietan urduri egon arren, egun hartan lasai esnatu nintzen. Gogotsu. Egun horretan, ahal den neurrian, lasai egotea lortuko nuen, momentuaz gozatzeko. Hala ere, beste bertsolariekin egoten hasi nintzenean, normala den bezala, urduritasuna hasi zen berriro. Esan dizudan bezala, ez nuen irabaztea espero. Baina asko gozatu nuen, urduri egon arren.

"Araban gero eta maila handiagoa dago bertsolaritzan; bertsolari oso onak daude eta gazteek ere badute interesa”

Betidanik gustatu zaizu bertsolaritzan aritzea? 

–Bai, nire lehen urratsak mimo handiz gogoratzen ditut, maitasun handiz. Hezkuntza arautuan bertsolaritza ikasten genuen, eta hortik apuntatu nintzen bertso eskolara. 

Asko gustatzen hasi zitzaidan, ikasteko, jarraitzeko... motibazio handia nuen. Bertako lagunak maitasunez gogoratzen ditut baita ere. Bertsolaritzaren munduan hasi naizenetik asko gustatzen zait, horregatik beti argi izan dut jarraitzeko asmoa. Zer da bertsoak egiterakoan topatzen dituzun zailtasun handienak? 

–Bertsoren bat egiten ari naizenean gehien kostatzen zaidana esan nahi dudana edo pentsatzen ari naizena modu egokian esatea da. Hau da, esan nahi dudan mezua ondo esatea da erronkarik garrantzitsuena, ondo iristea bestearengan. Asko exijitzen diot neure buruari, amaitzen dudanean beti pentsatzen baitut agian hobeto egin zitekeela.

“Etorkizunean nahiko nuke plazan denok kantuan aritzea, eta gazteak gero eta zaletuagoak egotea bertsolaritzan”

Gero eta gazte gehiago interesatzen dira bertsolaritzaren munduaz ala galtzen ari da interesa gazteen artean? 

–Araban gero eta maila handiagoa dago bertsolaritzan; bertsolari oso onak daude, eta nabarmendu behar da gero eta gazte gehiagok dutela interesa bertsolaritzarekiko. Ez dut horri buruzko ikerketarik egin, baina uste dut gero eta gazte gehiago animatzen direla bertsolaritza probatzera eta datozenak fuerte datoz. 

Zer gai dituzun gustokoen bertsoak egiterakoan? 

–Oso erlatiboa da. Asko gustatzen zait eta oso eroso sentitzen naiz umorezko gaietan; baldin eta zer esanik badatorkit. Gaiak oso konkretuak iruditzen zaizkit zein gustatzen zaidan esateko bezala. Gai sozialetan ere zer esana dagoela iruditzen zait. Orduan, alde horretatik ditut gustoko.  

Nola ikusten duzu etorkizuna? 

–Nahiko nuke bertsolaritzak balio izatea ideologia batzuk zabaldu ahal izateko, nahiko nuke gazteak gero eta zaletuagoak egotea etorkizunean eta nahiko nuke plazan denok kantuan aritzea baina nolakoa izango den ezin aurreikusi dezaket.