ori da, gutxienez, Joan Mari Torrealdairi zor dioguna, Laudorioa. Izan ere, haren eginak eta ekinak biografia soil batean baino, goragoko mailan jartzeko modukoak baitira. Hartara, bere zereginetan neke eta etengabe uztartu ditu Joan Marik bi osagarri ezinbesteko, sarri-sarri bereiz eta banandurik agertzen zaizkigunak. Bateko, jakintza, jakin-nahia, ikastea izan ditu gogoko txiki-txikitatik, eta berak askotan aitortu zuen moduan, eta horrekin batera, ekintzetarako asmoa eta erabakimena, jakintzatik zetorkiona gizarteari itzuli nahian jardun baitu Torrealdaik bere bizitza osoan.
Horra bada, jakintzatik ekintzetara haren bizitzaren haria. Bizkaiko Foruan jaio zen 1942. urtean, Urberuaga auzoan, eta gazterik ezagutu zituen, familiaren bidez eta urte batzuk lehenago, aldameneko Gernikan gertatutako triskantzak eta birrintzeak. Esku-eskura izan zituen orduko jazoeren eta gerra zibil anker eta zitalaren ondorioak.
Ikasteko bokazioak bultzaturik eta garai hartako askoren antzera, Arantzazuko seminariorako bidea hartu zuen 1954. urtean, inguruan zituen Foruko frantziskotarren eredua jarraitu nahian. Humanitateak izeneko ikasketak egin zituen bost urtez Arantzazun eta Foruan, gero filosofia eta, azkenean, teologia ere bai.
Arantzazuko esperientzia, hala ere, erabakigarria izan zitzaion bere bizitzan, bertan ikusi baitzituen punta-puntako artista, intelektual eta gizarte eragile asko, orduko urte haietan, XX. mendeko hirurogeiko hamarkadan, hain justu ere, Arantzazu izan baitzen euskalgintza eta euskal kulturaren berrikuntzaren lekuko. Bertan ere, Euskaltzaindiaren batzar esanguratsuak, batik bat, 1968. urtekoa, euskara batuaren nondik norakoak finkatu zituena. Handik aurrera eta etenik gabe, Jakin aldizkariaren ardura bere gain hartu eta berori zuzendu zuen, euskara batua bultzatzeko eta kultura haize berriak hedatzeko Euskal Herrian zehar, agintari politikoen debeku politikoa etorri arte.
Horraino, beraz, Joan Mari Torrealdairen lehen aldia. Jakinen itxiera bortxatuaren ondoren, unibertsitatearen giroak erakarri zuen eta Okzitaniako Tolosan lizentziadun egin zen, frantses hizkuntza sakon ikastearekin batera. Gero, Parisera soziologia ikasketak egitera eta orduko maisuen irakaskuntzak hartzera. Han ikusi eta ikasi zuen Torrealdaik askatasunaren haria nondik zetorren, han ikusi eta ikasi baitzuen Euskal Herriko hegoaldean zentsurapean zegoena, Parisen bertan libre eta aske zebilela.
Soziologiako ikasketa haietatik etorri zen gerora Euskal Idazleak gaur liburua, 1977. urtean, eta hogei urte geroago, 1997. urtean, Euskal Kultura gaur liburua. Parisen Elkar taldearen kide egin zen eta hala jarraitu du, Elkar Fundazioarena ere izan dela.
Paristik etorri 1975. urtean eta Jakin taldean sartu zen. Laster egokitu zitzaion Bizkaiko Anaitasuna aldizkaria ere zuzentzea, Deustuko Unibertsitatearen Soziologia Fakultatean eskolak ematen zituela. Bi urteren ondoren, berriro ere Jakinera, eta orduan delibero sendoa hartu zuen Joseba Intxausti, Joxe Azurmendi, Paulo Agirrebaltzategi, Manolo Pagola, José Antonio Aduritz, Pello Huizi eta beste batzuekin: Jakin euskarazko aldizkari kultural eta modernoa egiteko erabakia, aldizkariari lagunduz liburu sail berrien bidez.
Kazetaritza urteak etorri zitzaizkion gerogarrenean eta laster eskuratu zuen gai horren lizentzia Euskal Herriko Unibertsitatean. Soziologia arloan ere, doktorego tesia egin zuen eta argitaratu: ETB eta euskara.
Joan den mendeko laurogeiko hamarkadan, familia osatu, tesia defendatu, Jakin beregainaren kudeaketa hartu eta Euskaldunon Egunkaria kazetaritza proiektuan murgildu zen.
Urte oparoak eta aldi berean gatazkatsuak ere bai, 2003an itxi zutelako Euskaldunon Egunkaria eta bidegabeko atxiloketa eta auzibideetan ibili behar izan baitu urte luzeetan, harlauza gogor horretatik ezin libraturik. Artean, Jakin aldizkaria birmoldatzeko eta lekukotza belaunaldi berriei emateko aukera eta kemena izan ditu, bertako fundazioaren buru izanik.
Euskaltzaindian, 2007an hartu genuen euskaltzain oso eta sarrera-hitzaldia 2009an egin zuen, Azkue biblioteka eta artxiboaren ardura akademikoa hartuz eta horren berriztatze prozesua sendo bultzatuz. Lan arduratsua eta balio handikoa egin zuen, Jose Antonio Arana Martija euskaltzainaren ildoari jarraituz, Azkue Biblioteka eta Artxiboari arnas berria eman nahian.
Esan gabe doa horrek bidea ematen didala orain arte isilean utzi dudan Joan Mari Torrealdairen bestelako kezka eta grina -Euskaltzaindiaren sarrera-hitzaldian garatu zuena- azaleratzeko. Euskal bibliografia dugu hori, urtero-urtero bildu baititu euskarazko liburuak, sailkatu eta ondorio zehatzak atera, euskal bibliografia oso baten esperantzan; horra, bada, berak argitaraturiko XX. mendeko euskal liburuen katalogoa.
Liburuak, nolanahi ere, objektu hutsak izan daitezke askoren iritziz, arima gabekoak. Joan Marirentzat, berriz, euskal liburuak ez dira halakoak, ez bada kultura oso baten isla. Hainbatez, Joan Mari Torrealdaik kezka bizia erakutsi du ikertzeko eta aztertzeko euskal liburuen inguruan izan diren liburu-politika eta hizkuntza-politika, bereziki zentsuraren bidez, eta horiek arakatu zituen bere doktorego tesian: La censura gubernativa y el libro vasco (1936-1983).
Horra hor, aurrekoekin barne-barnetik lotua osterantzeko arloa, alegia, euskararen gutxiestea eta zokoratzea agerian jartzea. Besteak beste, egoki zertuak, El libro negro del euskera (1998) eta berrikitan, Asedio al euskera. Más allá del libro negro (2018) argitalpena.
Hortaz, Joan Mari Torrealdaik ukituriko arloak giza eta gizarte zientzietatik begiratuta ugariak dira eta jakintza oso baten adierazleak: kazetaritza, soziologia, Euskaltzaindia, euskararen geroa... Horietan guztietan, nondik nahi begiratuta ere, beti bilatu du bere ezaupideak herriaren zerbitzu eta onurarako izatea, herri euskaldun horri kultura-azpiegitura egokiak asmatuz eta gauzatuz.
Anaitasuna, Jakin, Euskaldunon Egunkaria, Euskal liburuen katalogoa, Euskararen Akademia ez dira besterik kate luze baten katebegiak baino. Kategintza horretan herriaren garapena eta askatasuna izan ditu helburu eta xede, herri euskaldunak egungo gizartean behar dituen kultura-tresnak sortuz eta zabalduz. Horien artean, zer esanik ez, euskara batuaren aldeko apustu sutsua, berrogeita hamar urte geroago berresteko aukera izan zuena. Hainbatez, Euskaltzaindiaren mendeurrenean, Akademiak ondutako Euskara batuaren adierazpena testua jendaurrean irakurtzeko bera izendatu zuen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak, aho batez erabaki ere.
Guretzat eta herriarentzat eredugarria izan zara Joanmari adixkidea, uztartzen jakin izan duzulako jakintza eta ekintza, euskararentzako garai zail zein gozoetan. Bizitzak on-gaitzak ekartzen ditu. Halakoak ere izan ditu Joan Mari Torrealdaik eta azken urteetako pairamen latzak, gure artetik eraman zaituztenak, ez dira isilean utzi beharrekoak. Zure adiskide guztiak kezkaz eta arduraz bizi izan ditugu urte hauek. Zu, alabaina, beti aurrera, guri euskararen aldeko ahaleginetan sustatuz eta bultzatuz.
Buka dezadan nirea, zuri eskerrak emanez euskara eta euskal kulturaren mesederako egin duzun guztiagatik; doluminak zure etxeko eta familiakoei, zurekin bat egin dutelako une garratz eta alaietan eta doluminak, esan gabe doa, euskalgintza osoari, guztiok galdu dugulako Joan Mari Torrealdai. Seguru nago, Joanmari adiskide, zauden lekuan zaudela, begi onez ikusiko duzula zeuk egindako ahaleginek emaitza sendoak ekarri dituztela. Zeurea abiapuntu harturik, jarraituko dugu guk lanean, euskarari dugun onena emanez. Agur, Joanmari, egun handirarte! Zure ohorez gomuta dezagun, beste behin ere, duela ehun urte Euskaltzaindia sortu zutenen asmo beretik abiaturik, harako hura: ekin eta jarrai.
* Euskaltzainburua