Bigarren Mundu Gerraren urteak Cynthia Ozick-entzat inoizko zoriontsuenak izan omen ziren. Europan kontzentrazio-esparruak eta tximiniak martxan ziren garaian Anna Frank-en adintsukoa zen Ozick, New Yorkeko Bronxeko biztanlea, eta literatura unibertsaleko klasikoko obra handietarako sarbidea izateak ate ugari ireki zizkion jatorri judutarreko idazlegaiari. Sasoi hartan Europan egon balitz bere patua zein izango zen galderak inarrosi zuen geroztik, eta orobat astindu zuen liburu batean irakurritako pasarte batek. Kontzentrazio-esparru batean elektrifikatutako hesi baten aurka jaurtitako haurraren irudia iltzatuta geratu zitzaion, eta hari jarraika idatzi zuen Xala ipuin laburra, 1980an plazaratua. 1989an ipuin hura eta Rosa nouvellea elkarrekin argitaratu zituen, halako diptiko moduko bat osatuz Xala izenburupean, eta hala plazaratu ditu Pasazaitek orain euskaraz testu biak, Koro Navarroren itzulpenean.
Holokaustoaren izugarrikeria eta esanezina maiz irudikatu da ama-alaben arteko bortxazko banaketan arreta jarrita, binkulu primario horren apurketak jendetasunaren mugetara, horrorearen esparrura eramaten baikaitu. Kontzentrazio-esparru batean kokatu zituen Xala ipuinean Ozick-ek Rosa, haren iloba Stella nerabea, eta Magda, xal batean bilduta ezkutuan daraman 18 hilabeteko alaba. Ama-alaben eta ilobaren arteko harremana gidari dela, bost orrialde aski ditu estatubatuarrak pertsonaia sendoak eraikitzeko eta izugarrikeria zehatz deskribatzeko: hotza, gosea, nekea, eta kode moral oro kolokan uzten duten leku-denborak.
Lausotu egiten dira testuinguru horretan gizakiaren eta gizaki ez denaren arteko mugak, jende eta animalien artekoak, pertsona eta objektuen artekoak, eta modu liluragarrian eramaten du lausotze hori paperera, hizkuntzara Ozick-ek: “ziriak” dira hankak, “pinpilipauxak” haurrak distantzian. Alderantziz ere, objektuak ez dira objektu soil: Magda biltzen duen xalak izaera magiko, sinbolikoa hartzen du ipuin laburrean, gizakiaren ordezkoa halabeharrez, eta baita Rosa kontakizun luzean ere.
Hainbat urte beranduago, kontzentrazio-esparrutik bizirik atera eta AEBetan, Floridan bizi den 59 urteko Rosa du protagonista bigarren narrazioak. Bestelako giro eta paisaia bat birsortzen du Ozick-ek nouvelle honetan: protagonistak une batean “zoologiko” deitzen duen giza-galeria bat, erretiratutako erbesteratu juduek populatutako opor-leku bat, izugarrikeriaren oroimena, sublimea eta esperpentikoa batera bizi diren espazio bat, komikotasunerako eta ironiarako tartea zabaltzen duena. Subjektu erabat hautsi baten psikologia zorrotz eta maisuki eraikitzen du paisaia horretan idazleak, bi objektu sinbolikorekin lehian dabilen emakume batena: xalak alabaren gomuta dakarkio, galdu dituen kuleroek sentsualtasunaren oihartzunak. Zuhurtasun eta zoramenaren arteko muga ere lausoa da Rosarengan, eta eremu ñabar horretan berriro ere, irudikatzen du ondoen Ozick-ek pertsonaiaren izaera, balizko zoramen hori baita, izan ere, akaso zuhurtzia posible bakarra. “Desesperazioaren eromenean datza esperantzaren zuhurtzia” esan zuen idazleak inoiz.