Elkarrekin hemeretzi urte daramaten bi gizonen harremanetik abiatu da Juanjo Olasagarre (Arbizu, Nafarroa, 1963) Poz aldrebesa bere hirugarren nobela osatzeko. Bikote horren eta beraien inguruko gay batzuen gorabeherak dira istorioaren ardatza eta, horren bidez, gai ugariren inguruko analisia egin du idazle nafarrak. “Gaytasunetik egindako munduaren analisia da liburua”, Olasagarrek berak dioenez.
Bi gizonen arteko bikote harreman batetik abiatu zara nobelan, baina ezin daiteke esan eleberri hau geruza bakarrekoa denik.
Nobela honetan ez nuen nahi bikote baten harremana soilik kontatu, mundua ikusteko era bat agertu nahi izan dut batez ere. Bikote harremana da hari nagusia, baina badira bestelakoa geruzak: badago identitatearen gaia, bikote bat nola egiten edo desegiten den, bizitzaren gorabeherek nola eragiten dieten harremanei...
Aurkezpenean esan zenuen ‘Poz aldrebesa’ ez dela gay nobela bat, gaytasunetik egindako nobela bada ere. Zer da gaytasuna nobela honetan?
Gaytasuna inportantea da, baina ez da dena. Imajinatu Martutene liburua aurkeztera goazela Madrilera. Norbaitek esango balu lan hori dela una novela sobre vascos, irudituko litzaiguke oso laburpen pobrea, ez delako euskaldunei buruzko nobela bat bakarrik, hori baino gehiago da. Gauza bera pasatzen da emakumeen literatura aipatzen denean; emakume guztiek ez dute literatura bera egiten, ez du balio guztiari etiketa bera jartzea. Bada nobela hau ere horrela ikusten dut. Gaytasuna da nobelaren ezaugarri bat, eta gaytasun horretatik mundua nola ikusten den kontatu nahi izan dut. Nobela ezin da ulertu gaytasunik gabe, baina gaytasuna identitate moduan landu nahi izan dut. Hitz egiten da identitate bat sortzeaz, lantzeaz, politikoki eraikitzeaz? Baina, horrez gain, lantzen dira beste gai batzuk: maitasuna, gaixotasuna, zaintza? Finean, sentimenduak interesatzen zaizkit, batez ere pertsonaiek duten mundu ikuskera horretan sakontzen dutelako.
Hala ere, homosexualitateak, eta bere inguruko hausnarketa eta eztabaida politikoak batez ere, leku handia hartzen du liburuan.
Belaunaldi zehatz bateko gay batzuen ikuspegia islatu nahi izan dut, mundu partikular horretatik unibertsaltasuna kontatzeko. 70 eta 80ko hamarkadetan eman zen askatasun nahi horrekin batera, gay identitate bat sortu zen. Pertsonaia batzuk, gutxienez, gaytasunaren bidez, mundua aldatu edo hobetu nahi zuten belaunaldi edo talde batekoak dira. Identitate bat sortzeko politikara jo behar duzu ezinbestean, identitate hori edozein delarik ere. Emakumeen identitate sortu eta indartzeko feminismoa sortu zen, hori ere ekintza politiko bat izan da. Liburuko pertsonaiek bizi dute momentu hori, zentzu askotan zaila ere izan zena, hor agertu zelako ihesa, homosexualitatea izurrite baten iturri moduan hartu zelako? Horrek guztiak oraindik ere politikoago bihurtu zuen identitate hori.
2004an plazaratu zenuen ‘Ezinezko maletak’ zure lehenengo eleberriaren osagarritzat jo daitekeela esan duzu nobela hau. Zein zentzutan lotzen dituzu bata eta bestea?
Identitatearen gaia lantzen da bietan. Ezinezko maletak-en gehiago hitz egiten zen euskal identitateaz, identitate basko-az, eta lantzen zen baita zein harreman egon daitekeen horren eta homosexualitatearen artean. Kasu honetan, euskal horretatik gutxiago dago, baina azken finean identitate bat eraikitzeari buruz hitz egiten da. Zentzu horretan, ikusten dizkiot antzekotasunak.
Gaytasuna hizpide duten nobelak eta gai horretan sakontzen duten nobelak berri xamarrak dira gurean. Asko garatu ez den literatura. Eta landu izan denean, ez da gai nagusi moduan jorratu. Ez duzu uste?
Bai, eta hori dela eta, estetika behartu dut nolabait. Nobela bat kalitatezkoa dela esaten dugunean, horren azpian badago estetika jakin bat. Nobela bat ontzat edo kalitatezko-tzat jotzen denean uste izaten da neutroa dela, baina kalitatezko izenondo horren azpian ideologia bat ezkutatzen da. Beste estetika bat adierazteko, kalitatearen estetika hori behartu egin behar da. Zentzu honetan, oso inportantea da elipsia, adibidez. Demagun bi pertsonek, emakume eta gizonezko batek, elkar ezagutzen dutela kontatzen duzula. Hortik aurrera ezer gehiago esaten ez bada, irakurle bakoitzak bere irakurketa egingo du, eta kasu gehienetan irakurketa hori joango da nagusi den ideologiaren ildotik. Pentsatuko dugu elkarrekin liatuko direla, bikote egingo direla, etab. Aldiz, kontatzen baduzu ezetz, neskak ezetz esaten diola lesbiana delako, edo lagun egiten direla, edo larrua joko dutela, baina gero ezer gehiago ez dutela izango, ba desberdina da. Hau da, zergatik bukatu behar dute gizon-emakumeen arteko harreman guztiek harreman sentimental eta heterosexual batean? Honekin esan nahi dudana zera da: zuk zure istorioan pertsonaiak ohikoa den horretatik kanpo kokatu nahi badituzu, hori kontatu egin behar duzu, bestela ideologia nagusia ateratzen da garaile beti. Eta nik horixe egin dut liburuan, dena kontatu.
Nobelan bestelako gaiek ere hartzen dute presentzia: gaixotasuna, zaintza... Literaturan, eta gizartean oro har, emakumeei atxiki zaizkien gaiak/rolak landu dituzu.
Horretan ere sakondu nahi nuen. Zergatik zaindu dituzte gure amek gure aitak? Idazle feminista batzuek esango dute menpekotasun profesional eta ekonomikoa dagoela horren atzean, orain dela urte batzuk arte emakumea ez zegoelako lan munduan. Bada nik erakutsi nahi izan dut liburuan gizon batek beste gizon bat zaindu dezakeela, baina ez behar ekonomikoa duelako, baizik eta elkar maite dutelako. Egia da gai femenino-tzat hartzen direla zaintza eta halakoak, bai gizartean eta literaturan ere. Dena den, euskal literaturan zaintzaren gaia lehen aldiz lan-tzen duen liburua gizon batena da, Xabier Montoiaren Denboraren izerdia. Hor konta-tzen da gizon batek bere ama nola zaintzen duen, nola jaten eman eta pardelak aldatzen dizkion... Gai hauek askok agian ez ditu goi mailako literaturatzat hartuko, baina niri interesatzen zaizkit.
Pertsonaien barne gogoak liburuko orrialde asko betetzen ditu.
Sentimenduak interesatzen zaizkit. Badago batez ere gogoeta pertsonaia baten partetik, doluan dagoelako, dena zalantzan jartzen duelako. Argi nuen nobela batez ere pertsonaien buruan eman behar zela, ez ekintzetan soilik. Liburuan etengabeko gogoeta dago errealitatearen inguruan. Hori ere oso nire estiloa da.
Bai, zeren zuk beti esan duzu errealitateaz hitz egiteko tresna aproposena dela fikzioa.
Nobela bat gizarteari ezartzen zaion ispilua da. Nobela errealista interesatzen zait niri, eta interesatzen zait, baita, errealitate horretan politikoak duen garrantzia; hau da, nola ezarrita dagoen ideologia, zer harreman dugun boterearekiko eta horrek nola markatzen dituen giza harremanak. Adibidez, eta gay identitatearen inguruan, gay batentzat ekin-tza inportantea da armairutik ateratzea. Nolabait botereak behartzen zaitu armairutik ateratzera, ateratzen ez bazara, heterosexual moduan hartuko zaituztelako. Baina zer gertatzen da pertsona batek armairutik atera nahi ez badu? Eztabaida horiek interesatzen zaizkit, eta halakoak badira liburuan. Ideologiak eta politikak gure giza harremanetan duen eragina interesatzen zait eta hori islatu eta kontatu nahi izan dut.
‘Poz aldrebesa’ eleberri soziala dela esan daiteke. Badira protagonista nagusiak, baina badira baita bigarren mailako pertsonaia asko ere. 400 orrialdeko liburu batean, pertsonaia periferikoak beharrezkoak ziren?
Lortu nahi nuen helburuak hala eskatu dit. Nahi nuena zen mundu bat, bizitzeko modu bat erakustea, eta horretarako behar nituen bigarren mailako pertsonaiak ere. Era berean, iragana eta oraina ere nahasten dira, nobela garai desberdinen artean kulunkan dago. Izan ere, nire gaietako bat da denborak zer egiten duen gurekin eta gure asmo politikoekin. Ez zitzaidan egitura lineal bat interesatzen istorio hau kontatzeko. Uste dut nobelak irabazi egiten duela aldi batetik bestera jauzika.
Izenburuari erreferentzia eginez, kontatu duzu beti izan dituzula arazoak zoriontasunarekin. Nondik dator izenburua?
Nire lagun bati gertatu zitzaion anekdota batetik dator. Begian arazoak zituen eta Prednisona (kortisona) hartzeko esan zion medikuak. Bere esku-orrian zera zioen: efectos secundarios: felicidad inapropiada. Lagunak kontatu zidan eta polita iruditu zitzaidan. Zoriontasuna desegokia. Nobelaren izenbururako hartu nuen kontzeptua, baina aldatuta: zoriontasunaren ordez poza aukeratu dut eta desegokiaren ordez aldrebesa, gehiago gustatzen zait.
Ia hamar urte eman dituzu literatur lanik argitaratu gabe. Urte hauetan guztietan astiro gorpuzten joan den proiektua izan al da hau edo epe laburrean ondutakoa?
Buruan denboran izan dut istorioa, zazpi edo zortzi urtez agian, baina aldi batez ez nuen idazteko gogorik izan. Azken lau urteotan gorpuztu da batez ere. Denbora asko eman dezaket idatzi gabe, baina behin hasten naizenean nahiko metodikoa naiz. Ezin dut egunero lauzpabost orduz idatzi, baina banaiz konstantea zerbait esku artean dudanean.
Gaur liburua Bilbon aurkeztuko duzu.
Bai. Aurkezpen ofiziala Donostian egin genuen. Esan beharra daukat penagarria egiten zaidala euskarazko liburu guztiak Donostian bakarrik aurkeztea. Beste hiri edo herri batean aurkeztu nahi izatekotan, idazleak bere kabuz egin behar ditu aurkezpenak. Egia esan, gaur egun ez da zaila aurkezpentxo bat antolatzea, baina kezkatzen nau kontu honek. Nobela Iruñean eta Bilbon kokatu dudanez, eta Iruñean jada aurkezpena egin nuenez, gaur Bilboren txanda izango da.