Azken aldian “amnistia” eta “aldebakartasuna” elkarrekin idazteko ohitura hartu dugu. Hasieran bien arteko lotura interpretazio txar bat izan zela pentsatzen dut –interesatua, politikan izan ohi den bezala–. Ondotik, pixkanaka-pixkanaka, eztabaidagai izatera bilakatu zen arte eta, konturatu orduko, amnistiaren inguruko debatean aldebakartasunak ardatz-kategoria hartu duela esatera atrebituko naiz. Hori guztia hilabete batean. Batzuentzako, lehenengoak –amnistiak– bigarrenari –aldebakartasunari– uko egitea dakar, de facto; beste hainbatentzako, bigarrenak –bigarrena gauzatu ahal izanak– planteazina egiten du lehenengoa. Binomio horren txertaketaren eboluzioari, izatez taxugabea, hirugarren adarra hazi zaio, aurreko biak baino inkoherenteagoa dena: baldintzazko perpausa. Alegia, aldebakartasuna baldintzatzaile da eta ez kontzeptu isolatua eta, ondorioz, horri uko egin behar zaio amnistia onar dadin –edo eman diezaieten–. Oraindik esplikatu beharko digute teorikoek tazituki edo sinatuta izan behar ote den balizko uko egite hori.
Agerikoa da soluziorik gabeko eztabaida baten aurreran gaudela; debatea premisa faltsu baten gainean eraikita dagoelako. Nola egiten zaio uko aldebakartasunari? Aldebakartasuna existitu dadin gauzatu egin behar da eta, definizioari jarraiki, alde bakarra konprometitzen du –ez beste inor–. Hortaz, orainaldian ez bada gauzatzen ari, konpromisoa hipotetikoa baino ezin daiteke izan. Kasu horretan, hipotesiaz ariko bagina, uko egite horren errebokatzea ez al zen, zentzu berean, alde bakarrekoa izango? Areago, zeinek egin beharko lioke uko bide horri? Amnistiatuek? Egungo liderrek? Gizarte katalanak berak, bere osotasunean?
Eraikitze-dialektiko horrek, ezinezkoetan zimendatua eta medioen bitartez deliberatuki hedatua, xede jakin bat dauka: kontzeptuen aldaketa. Gauzak horrela, “amnistiak” –definizioz, grazia-neurria dena– orain arte iragarritako “soluzio politikoa” ordezkatu nahi du eta, zentzu berean, erreibindikatutako “autodeterminazio eskubidearen” tokia “aldebakartasuna” hitzak hartu.
Izan ere, kontzeptuak ordezteko logika horren prismatik baino ezin daiteke ulertu hainbatek adierazitako adiskidetzea. Adiskidetze mugatua –esango du batek–. Jokoaren taula aldatu dute bat-batean, konturatu izan ez bagina bezala. Sakoneko auziaz ez da deus ere hitz egiten, baizik eta balizko lege horren onartzeak onura ekarriko liekeen pertsona zehatzei buruz –edozein dela arau horren hedadura eta protagonistak–. Planteamendua bera tranpa da. Zentralitatearen izenean –zuk kokatzen ez baduzu, beste batzuk kokatuko dute– bandatik kanpo botako dute mugak zehaztu zituenaren planteamenduekin bat ez datorren edozein ikuspegi. Jokoa, nonbait, biziatua hasiko da.
Hortaz, araua beraren irismena eta alde nazionalistarentzat izan ditzakeen balorazio positiboak alde batera utzi gabe –ez nuke nahi gaizki ulerturik–, ez litzateke bistatik galdu behar neurria zein paperarekin enbalatuko den; biltzeko-paper horrek markatuko baitu errelatoa. Inozoki iraganari egindako zuzenketatzat har daitekeena oraina eta etorkizunaren gainean mugarriak ezartzea izan baitaiteke. Oker ibiliko ginateke taula jartzen duenak partida galduko duela pentsatuko bagenu.