Menu bereziak prestatzen

Funtsezkoa da dieta berezian alergenorik ez dagoela bermatzea eta oinarrizko pautak betetzea

11.10.2020 | 00:41

GASTEIZ – "Menuak behar dietetiko berezietara egokitzea eska-tzen duten egoerak egonez gero, dieta terapeutikoetan (diabetikoak, gantz gutxikoak€) edo alergia eta intolerantzietarako dietetan, adibidez, kontuan edukiko dira aholku dietetikoak, baina medikuaren pautak lehenetsita, betiere". Oro har, jankidearentzat arazo den elikagaia edo osagaia kentzean eta horren ordez beste elikagai egokiago bat ezartzean datzate menuen aldaketak.

"Elikadura alergien edo intolerantzien kasuan (gero eta ohikoagoak eskola adinean), alergenoaren kantitate txiki bat hartzeak edo horrekin kontaktuan egoteak ondorio nahiko larriak eduki ditzakeen erreakzio bat eragin dezake; heriotza ere eragin dezake, kasu batzuetan", diote. Hori dela eta, funtsezkoa da dieta berezian alergenorik ez dagoela berma-tzea eta, horretarako, "oinarrizko pauta batzuk bete behar dira menu horiek prestatu, egin eta zerbitzatzeko orduan".

Horregatik, jantokietan lau pausoren irizpide zehatzari jarraituz arreta jartzea gomendatzen dute. Lehenik eta behin, "ziurtatu haurrak ez duela inolako elikadura alergiarik, edozein plater edo produktu eman baino lehen. Oso kontuan eduki une berezietan, urtebetetze, txango, bisita eta abarretan". Bigarrenik, "ez inprobisatu: behar berezietarako platerak eta menuak ongi planifikatu, ezabatu beharreko alergenorik edo horien trazarik ez dutela bermatu ahal izateko. Horretarako, ezinbestekoa da plateren osagaien inguruko informazioa kontu handiz aztertzea". Hirugarren puntuan diotenez, alergenoak erraz transferi daitezke eskuen eta tresnen eta sukalderako tresneriaren bitartez, baita airetik ere, lurrunen edo hautsen kasuan; hori dela-eta, "ahalik eta gehien zaindu behar dira jardunbide egokiak horrelako platerak manipulatzean. Plater bereziak aparte prestatu (beste leku batean eta/edo beste une batean), alergiko zorrotzenen plateretatik hasita (alergeno edo osagai gehiagori alergia dietenetatik hasita), kutsadura gurutzatua saihesteko". Bukatzeko, arretaz zerbitzatu behar dela jantokian gogoratu dute, "zerbitzatu beharreko platera jankidearentzat egokia dela konprobatu eta zerbitzatzeko orduan zerbitzu horretarako bakarrik den tresneria erabili".