- Koronabirusak eragindako konfinamenduak bete-betean jo ditu emakumeak, batez ere, aldez aurretik egoera okerrean bizi zirenak. Hori horrela, emakumeen aurkako indarkeria matxistaren datuek gora egiten jarraitzen dute.

Emakundetik jakitera eman dutenez, eta Gasteizko Udaleko Gazte Plan Berezian islatu dutenez, emakumeen aurkako indarkeria areagotu egin da egunotan; indarkeria fisikoa ez ezik, psikologikoa ere ugaritu da. Hala, Hegoak foru zerbitzuak indarkeriaren biktima diren emakumeei laguntza psikologikoa emateko 1.309 saio egin ditu konfinamendu garaian. Zehazki, martxoaren 16tik 31ra 393 egin zituen eta apirilaren 1etik 30era, 916. Egindako lanari esker, Hegoak-etik erantzuna eman diete zituzten 338 kasu aktiboei eta martxoaren 16tik apirilaren 30era 39 kasu berri izan dituzte. Hegoak gizarte zerbitzu publikoa da (Forala), doakoa eta espezializatua, genero indarkerian espezializatutako arreta soziojuridiko eta psikosoziala eskaintzen duena. Zerbitzu honek balio du emakumeen eskubideak zeintzuk diren jakiteko eta hauek baliatzeko dauden baliabide soziojuridikoen berri izateko. Horrez gain, laguntza psikologikoa jaso-tzeko ere baliogarria da, erreklamazio bat egin nahi denean edota prozedurek irauten duten bitartean laguntza soziojuridikoa jasotzeko, biktimek jasandako indarkeriaren ondorioz izan dezaketen min psikologikoa erreparatzeko, autoestimua, gaitasunak eta trebetasunak garatu eta sendotzeko, indarkeriari eta horren ondorioei aurre egiteko eta emakumeen bizitzan presente dauden zapalketa eta indarkeria forma desberdinei aurre egiteko gaitasun eta kontrola lortzeko, besteak beste ere baliagarria da.

Ildo beretik jarraituz, Arabako Foru Aldundiaren egoitza-harrerako baliabideen sareak sei emakume artatu ditu. Biktima horiek 30 urtetik beherakoak dira eta horietako bi (24 eta 29 urtekoak) hirian bizi dira.

Laguntza horiez gain, telefono bidezko arreta-zerbitzuak ere martxan jarraitu du. Datu horien arabera, 80 emakume inguruk eman dute aurrerako pausoa larrialdiko laguntza eskatuz (76). "Emakundek emandako datuen arabera, 2020ko urtarriletik apirilaren amaierara arte 215 salaketa jarri dira Araban. Salaketa horiek indarkeria matxistagatik jarri dira (163), baita familia barruko indarkeriagatik (41) eta sexu askatasunagatik (11) ere", azaldu dute txostenean.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak urtero argitara-tzen ditu emakumeen aurkako indarkeria kasuen datuak. Kasu honetan, Emakundek txostenari buruzko aurrerapen bat egin du, Ertzaintzak eskainitako datuak kontuan izanda. Emakumeen aurkako indarkeriaren eragina, 2019ko aurrerapena izeneko txosten horretan, Emakundek datu nagusiak erregistratu ditu. Oraingo honetan, 2018ko eta 2019ko konparazioa egin du. Datu ofizialen arabera, 2019an 4.419 emakumek jasan zituzten erasoak eta tratu txarrak. Hala ere, emakume horietako askok salaketa bat baino gehiago jarri behar izan zuten behin eta berriz erasoak jasateagatik; beraz, 5.518 biktimizazio kasu izan ziren. 2018an, 4.244 emakumeri egin zieten eraso, 5.315 biktimizaziorekin. Horrek adierazten du %4,12ko igoera egon dela emakumeen kopuruari dagokionez, eta %3,82ko igoera 2019ko biktimizazioen kopuruari dagokionez. Lurraldeka, emakume biktimen %53,7 Bizkaian bizi dira, %30,4 Gipuzkoan eta %15,9 Araban. 2018. urtearekin alderatuta, hiru lurralde historikoetan handitu zen emakume biktimen kopurua;Araban, berriz, % 7,98 hazi zen gehien.

Azkenik, emakumeek emakume izateagatik jasaten duten diskriminazioa ez da adinen araberakoa. Izan ere, adingabeek ere jarri dituzte salaketak tratu txarrak jasanagatik. Hala ere, 31-50 urte tartekoak jarri dituzte salaketa gehien, txostenaren arabera.

Hala, biktimen ia erdiak 31 eta 50 urte bitartekoak dira (%47,2); %28,1 18 eta 30 urte bitartekoak, %10,6 adingabeak eta %14,1 50 urtetik gorakoak. "Emakumeek adinaren arabera jasaten duten indarkeria mota desberdina da. Emakume gazteenak sexu-indarkeriaren biktima dira. Indarkeria mota horren biktimak %38,6 adingabeak dira eta %73 30 urtetik beherako emakumeak", txosten berdinare arabera.

Hegoak. Hegoak gizarte zerbitzu publikoa da (Forala), doakoa eta espezializatua, genero indarkerian espezializatutako arreta soziojuridiko eta psikosoziala eskaintzen duena, besteak beste.

Konfinamenduan. Hegoak foru zerbitzuak indarkeriaren biktima diren emakumeei laguntza psikologikoa emateko 1.309 saio egin ditu, konfinamendu garaian guztiak. Zehazki, martxoaren 16tik 31ra 393 egin zituen eta apirilaren 1etik 30era, 916. Egindako lanari esker, Hegoak-etik erantzuna eman diete zituzten 338 kasu aktiboei eta martxoaren 16tik apirilaren 30era 39 kasu berri izan dituzte, txostenaren datuek islatzen dutenaren arabera.

Oraingo erronka: gazteak. Gazte plan berezia, txostenean jarrita.

215

"Emakundek emandako datuen arabera, 2020ko urtarriletik apirilaren amaierara arte 215 salaketa jarri dira Araban. Salaketa horiek indarkeria matxistagatik jarri dira (163), baita familia barruko indarkeriagatik (41) eta sexu askatasunagatik (11) ere", azaldu dute Oraingo Erronka: Gazteak, Gazte Pan Berezia txostenean.