Adinekoentzako Zadorra foru egoitzak ekitaldi bat egin du asteburu honetan hamargarren urteurrena ospatzeko. Arabako Foru Aldundiak Gasteizen dituen zaintza zentroetako bat da.

Ramiro González Arabako diputatu nagusiak adinekoentzako baliabideak sortzen jarraitzeko beharra nabarmendu du eta, ildo horretan, Foru Aldundiak egoitza gehiago abian jartzeko duen konpromisoa berretsi du. Horiek horrela, gogorarazi du Lakua auzoan Arabarren egoitza eta eguneko zentroa urte hasieran inauguratu zela, eta Salburuan beste egoitza zentro bat sortzeko aurreikuspena dagoela.

Ekitaldian, diputatu nagusiak nabarmendu du Foru Aldundiaren eta Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen helburua dela “zaintza hobeak izaten laguntzea, ahalik eta pertsona gehienengana iristea eta, batez ere, premia handiena duten pertsonengana iristea”.

Ramiro Gonzálezek familiei eskerrak eman dizkie zainketetan ematen duten laguntzagatik, bai eta zentroko profesional taldeari ere, eta ondoren, gogorarazi du Zadorra dela Gizarea zainketa eredua aplikatzen den foru zentroetako bat. Eredu horretan, harremanak dira ardatz, non eginkizun berezia baitute senideek eta profesionalek, eta zainketa hurbilagoak, etxekoagoak eta pertsonalagoak egitea ahalbidetzen du.

100 egoitza plaza eta eguneko zentroan beste 60 gehiago izanik, Zadorra Abetxukuko auzoaren zati garrantzitsua dela nabarmendu du diputatu nagusiak, eta agerian jarri du egoitza erakundeek, auzoak, familiek eta zentroko profesionalek osatutako komunitatearen ahaleginaren emaitza dela, eta horren guztiaren helburua dela egoitza bertan bizi diren pertsonentzako tokirik onena izatea.