Emakumeen lan-baldin-tzak gizonenak baino eskasagoak dira oraindik ere. Eustat Euskal Estatistika Erakundeak egindako azken txostenaren arabera, emakumeen lan-baldintzak populazioaren batezbestekoa baino prekarioagoak dira. Prekarioak dira kontratua, ordutegi-malgutasuna eta lanaldia bezalako alderdietan, hain zuzen ere.
Hala, nabarmentzekoa da emakumeen %30 inguruk (%28) lanaldi partzialean lan egiten duela, eta gizonen %9k. Gainera, larunbatean ere joaten diren langileek gehiago eragiten diete emakumeei gizonei baino. “Txosteneko datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan emakumeen %28k denbora partzialean lan egiten du, eta, gizonen kasuan, %9k (2020). Gainera, asteburuko lanak beti du eragina emakumeen %18an eta, gizonen kasuan, %10ean, eta sei eta zazpi egun bitarteko lanaldia emakumeen %18k egiten dute eta gizonen %13k”, azpimarratu dute txostenean. Ildo beretik, lanetik irteteko ordutegi aldetiko malgutasuna dela eta, emakume landunen %29,3k baliatzen dute, eta gizon landunen %35ek, eta etxean lan egiten duten emakumeak gehiago dira. “Pandemiak ekarri zuen telelanaren gorakadaren ondorioz, emakumeek etxetik egunen erdia egiten dute lan; 2019an %6,1ek eta, 2020an, %11,7k”, zehazten dute. Alderdi horiez gain, badira beste batzuk emakumea gizonaren aldean egoera okerragoan jartzen dutenak. Adibidez, lanean prekarietate handiagoa dute aldi baterako kontratuei dagokienez. Izan ere, emakumeei egiten zaizkie aldi baterako kontratu gehien. “Txostenak dakarrenaren arabera, ezegonkortasun handiagoa dagoela erakusten du honako datu honek ere: emakumeetan aldi baterakotasuna handiagoa da. Aldi baterako kontratua duten soldatako langile landunen kopuruak gora egin du 2016aren eta 2021aren artean, eta aldi baterakotasunaren intzidentzia handiagoa izan da eta da emakumeen artean gizonen artean baino”, erantsi dute txostenean.
Datu eta zenbaki horiek erakusten dutenez, berdintasunaren alde azken urteetan egin diren urrats garrantzitsuak gorabehera, egia esan, zenbait alderditan emakumeak gizonen atzetik daude oraindik, berdintasunetik urrun. Lan arloan oraindik ere bada lana berdintasuna lortzeko, txosten honek erakusten duenez. Lanaldian, kontratu motetan, soldatetan eta, oro har, baldintzetan desberdintasunak daude oraindik ere.
Kolektibo zehatz bati begiratzen badiogu, etxeko enplegatuei, besteak beste, sektoreko enpleguak erakusten du enplegatu baino askoz ere lanpostu gehiago daudela, 76.700 lanpostu eta 57.560 enplegatu, eta askoz ere gutxiago denbora osoan, 30.123, (2019); zifra horiek erakusten dute sarritan etxe-langileek, emakumeen % 90ek, lanpostu bat baino gehiago betetzen dutela eta lanaldi partzialetan lan egiten dutela, lan honek erakusten duenez.
“Lan-jarduera duten emakumeak kopuru osoaren % 47 dira eta gizonak, % 55, eta gehiegizko ordezkaritza dute zainketa-lanetan, bai ordainpekoetan (emakumezkoen enpleguaren % 77 zainketetara lotuta dago, hala nola osasun-arloko, gizarte-zerbitzuetako eta hezkun-tzako zainketetara) bai ordainik gabekoetan; gizonek, berriz, oso ordezkaritza baxua dute”, ondorioztatu dute Emakumeen Nazioarteko Eguna txostenean Euskal Estatistika Erakundetik.