- Arabako Mendiak Aske elkartetik erantzun eta salatu zuten atzo Gasteizko Mendietan zentral eoliko baten aldeko apustua, “Arabako Foru Aldunditik bultzatzen ari dena Ingurumen Sailaren txosten teknikoei entzungor eginez”.

Hala, atzo azaldu zutenez, “txosten horiek ohartarazten dute zentral horrek mendilerro honetan kalte larri edo oso larriak eragingo lituzkeela. Era berean txostenek aitortzen dute proiektu horrek eragin negatiboa izango lukeela bai inguru horretako bizilagunen interesetan, bai gure ondare kultural eta natural pribilegiatuan”. Ildo beretik, salatu zutenez, “Ramiro Gonzalezek eta Josean Galerak, Iberdrolaren interesen defentsan, ez dituzte betetzen nahitaez bete beharreko xedapenak. Horregatik, memoria freskatu nahi diegu, eta jarraitzen dugu esaten gaur egun ez dagoela kokapen hori ahalbidetzen duen gaikuntza-planik (LAP); beraz, zentral eoliko hori izapidetze-fasean sartzeak agindu hori ez betetzea dakar, eta, ondorioz, hasitako prozedura baliogabea izatea”.

Era berean, Gasteizko Mendietako mendilerro osoan zentral eoliko berriak jartzen jarraitzekoplanak salatzen zituztela adierazi zuten, Okinatik Entzia mendilerroaren mugaraino, Azazeta mendateko errepidearen bi aldeetan. “Hala adierazten dute gaur egun izapidetzen ari den energia berriztagarrien Lurralde Antolakuntza Planean (LAP) aurki daitezkeen mapek. Berriro ere informazioa ezkutatu nahi diete plan horiek bete-betean eragingo lieketen herriei”, azpimarratu zuten bertako kideek atzo.