"Ongi Etorri Errefuxiatuak Arabatik salatu nahi dugu milaka pertsona, horietako asko adingabeak, duela egun batzuetatik hona jasaten ari diren basakeria, Polonia eta Bielorrusiaren arteko mugan. Egoera horrek ez du alde handirik joan den mendean nazismoak erabilitako metodoekin". Hitz horiekin salatu zuten atzo Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeko kideek Polonia eta Bielorrusiaren artean bizi duten egoera.
"Salatzen dugu gaur egungo Europa, eskubiderik gabea, honako hauen gainean eraikitzen dela: milaka migratzaile-errefuxiaturen bizi-tzak eta ametsak merkantilizatzearen eta jaurtitzeko arma gisa erabiltzearen gainean, mugak hirugarren herrialdeetara kanporatzearen gainean, non ez dituzten giza eskubideak errespetatzen, hala nola Turkia, Maroko, Libia... eta mugak militarizatzearen gainean, Frontex izanik horren adierazlerik handiena, muga horiek gerrako iruditeria bihurtu direlarik", erantsi zuten. Ildo horretatik, Europako gobernuen "politika ekonomikoen eta geoestrategien" zuzeneko "erantzukizuna" ere salatu zuten. Azpimarratu zutenez, politika horiek dira, besteak beste, gerragatik edo miseriagatik, milaka pertsona beren bizilekutik atera-tzera behartzen dituztenak. Beraien hitzetan, "salatzen dugu zein eran-tzukizun zuzena duten pertsonak beren lekuetatik ihes egitera behar-tzen dituzten kausetan gobernu europarrek eta, oro har, iparralde globalak, trasnazionalek eta botere-eliteek aurreraeramaten dituzten politika ekonomiko eta geoestrategikoek. Gerrek, espoliazioak, esplotazioak, miseriak, klima-aldaketak, jazarpenak eta abarrek kanporatuta egin behar izaten baitute ihes".
"Eta, salatzen dugu, Europara iritsitakoan, eskubiderik ezari, politika arrazistei, jazarpenei, esplotazioari, kriminalizazioari egin behar dietela aurre". Horregatik, haien heriotza- eta etsipen-politiken aurrean: ekonomiaren, geoestrategiaren, migrazioaren eta Europako gobernuen harreraren alorreko nekropolitiken "amaiera eskatzen dugu", "migratzea aukera bihur dadin eta ez bizitza salbatzeko betebehar". "Bide legalak eta seguruak eta mugarik gabeko lurraldeak sor-tzea eskatzen dugu, beren jatorrizko lekuetatik ihes egin behar duten pertsonek beren bizitza arriskuan jar ez dezaten". Eta, Europako erakundeei eskatu zioten, maila guztietan, giza eskubideetan eta eskubide sozialetan oinarritutako politikak ezar ditzatela, "pertsona bakoitzari berez dagozkionak, pertsona izate hutsagatik, benetako harrera-herriak eraikitzeko", ondorioztatu zuten. Ongi etorri Errefuxiatuak Arabatik dei egin diete herritarrei datorren igandean, azaroaren 21ean, 13:00etan, Andre Maria Zuriaren plazatik abiatuko den mobilizazioarekin bat egin dezaten.