Produktu lokalaren apustuan, baita elikagaien kalitatea hobetzeko asmoz, zenbait erakunde eta entitate batu ziren 2017. urtean Kalikolza proiektuaren inguruan. Horietako batek, Neikerek, honen emaitza onak partekatu ditu, hau esanez: "Ganaduaren dieta tokiko koltzarekin osatzeak hobetu egiten du produktuen gantz azido poliasegabeen eta omega 3ren profila". Ikerketak frogatu du onura hauek bai ardi esnean eta bere deribatuetan (Idiazabal gazta, jogurta eta mamia), baita haragi produktuetan ere (arkumea, txahala eta txerria) ematen direla.
Neikereko ikerlaria den Nerea Mandalunizek azaldu duenez, hau ez da koltzaren inguruan egiten duten lehen proiektua. 2007. urtean, Eusko Jaurlaritzak Austria bisitatu zuen - bidaia honetan Neikereko jendeak ere hartu zuen parte-. "Han, gaur egun hemen erabiltzen ditugun prentsak zituzten, presio hotza egiten dituztenak. Horrekin, olioaren parte bat ateratzen duzu, baina ez guztia, eta horrela ez duzu olio horren gantz azidoen profila aldatzen", adierazi du.
Bisita horren ondorioz, teknologia hori ekarri zuten eta lehenengo proiektu bat egin zen, Eguzki Berdea izenekoa. Kasu honetan, helburua olioaren aprobetxamendua zen, bioerregai gisa erabiltzeko, eta horretatik geratzen zena hondakin bat zen, torta izenekoa. "Ez genekien zer egin horrekin. Hau ikertuz, ikusi genuen proteina konposizio ona zeukala, baita gantz maila ona ere. Frogak egitea erabaki genuen. Hasieran frogak in vitro egin genituen, eta animaliekin egin genuen lehenengo froga 2008an izan zen, ardiekin hemen Arkautin", azaldu du ikerlariak.
Geroztik, Europa mailako proiektu bat bideratu dute -Seet capital- eta bi talde operatibo -Turtolio eta Kalikolza-, biak Eusko Jaurlaritzaren finantziazioarekin. " Proiektu batzuk ingurumenarekin erlazionatutako helburuarekin sortzen dira, eta beste batzuk produkzioarekin erlazionatuta, edota produktuaren kalitatearekin erlazionatuta", aurreratu du. Horrela, Kalikolza proiektua hirugarren taldean sar daiteke. Izan ere, helburua animalia elikatzeko sistema bat probatzea da, tokiko lehengaiekin eta Omega 3 aberastasunarekin, kalitate diferentzialeko elikagaiak ekoizteko.
2017. urtetik daramatzate Neikerek eta beste bost erakunde eta entitatek Kalikolzaren inguruan lan egiten. "Esne produkziorako animalietan -ardiak- torta erabili dugu eta haragi produkziorako animalietan -txerriak eta txahalak- pentsuak olioarekin formulatu ditugu, eta honela palma olioa ekiditzen dugu", azaldu du . Torta eta olioarekin elikatuz, orokorrean gantz azido poliasegabeek eta omega 3ak gora egiten dute eta gantz azido poliasetuak gutxitzen dira. Produktu "osasungarriagoak" lortzen dira.
Beste alde batetik, ekonomia zirkularra ere bilatzen dute haien helburuen artean. "Horrelako pentsuak erabiltzean errotik murrizten da nazioarteko merkatuekiko menpekotasuna, soja eta palma olioaren hornikuntzari dagokionez, eta ekonomia zirkularra eta 0km-koa sustatzen ditu, tokiko ekoizpena bultzatuz eta ekoizpen kostuak murriztuz", azaldu dute Neikereko kideek prentsa ohar baten bidez.
Guztira, sei sektoreko erakundeek osatzen dute proiektua: Kerixara -ikerketaren liderra, latxa ardiarekin lan egiten duen baserri bat-, Saskagoin, Uvesco, Neiker, Leartiker eta NSG. Bakoitzak bere eginkizunak ditu. Adibidez, Kerixarak pilotu proiektua burutu du, baita Kalikolzaren zabalkundean eta dinamizazioan modu aktiboan parte hartu ere. Neikerek animalien elikadurari buruzko ezagutza eman du, baita pilotu proiektuen jarraipena egin ere. Honek laginaren, datuen eta txostenaren idazketa ere egin du, baita dibulgazioan parte hartu. Bi ganadutegi, bi teknologia zentro, supermerkatu talde bat eta nekazal ingeniari bat daude partaideen artean.
proiektuaren etorkizuna "2007. urtetik gabiltza lan egiten koltzarekin. Koltza haziaren deribatuak erabiltzen dituzten ganadutegiak gehitzen ari dira", aurreratu du Mandalunizek. Pentsu etxe batzuekin ere daude kontaktuan haien pentsuetan lehengai hauek sar ditzaten, eta deribatu hauentzako beste erabilera batzuk bilatzen ari dira orain. Izan ere, ikerlari honek azaldu duenez, koltzaren deribatuak erabiliz ez da soilik elikagaien kalitatea hobetzen. Honek aldaketa klimatikoaren aurka ere lan egiteko tresna bat izan daiteke. "Bereziki hausnarkarien kasuan, gantz iturrien bidez elikatzen baditugu, metano isurketak gutxitzea lortzen dela ikusi dugu. Olio hauek erabiltzen dituzten dietak martxan jartzeak aldaketa klimatikoaren aurka lan egiteko tresna on bat izan daiteke", gogoratu du ikerlariak. Sei ganadutegi inguru bihurtu dira Kalikolza proiektuaren parte, eta espero dute etorkizunean gehiago izatea. "Hamar urte baino gehiago daramatzagu lan egiten, eta espero dugu horrela jarraitzea", amaitu du.
Parte hartzaileak. Proiektuaren liderra Kerixara da, eta horrekin Saskagoin, Noemi Salazar Gomez, Leartiker, Neiker-Tecnalia eta Uvesco taldea daude parte hartzen Kalikolzan, bakoitzak bere eginkizunekin.
Helburuak. Zenbait helbururekin sortu da Kalikolza proiektua. Lehenengoa eta garrantzitsuena, animaliak elikatzeko sistema bat probatzea da, "tokiko lehengaiekin eta Omega 3 aberastasunarekin, kalitate diferentzialeko elikagaiak ekoizteko".