San Bizente ikastolak zenbait helburu bete nahi ditu Araba Euskaraz jaiarekin. Lehenik eta behin, guraso eta langileen egoera hobetzea nahi dute antolatzaileek. Bestetik, azpiegitura hobetzeko baliatuko dute bildutako dirua.

2009. urtean abiarazitako jantokia egiteko egitasmoari jarraipena eman asmo diote ikastolako arduradunek. Duela bost urte San Bizente ikastolak antolatutako Araba Euskaraz jaiari esker, betoizko oinarria prestatu zuten, baina ez zuten nahiko baliabide izan aurrera jarraitzeko. Gaurkoarekin jantokia bukatzeko finantziaketa lortzeko helburua du Oiongo ikastolak, 1930eko hamarkadako burdinazko lehioak aldatu, informatika gelako materiala gaurkotu?

San Bizente Ikastola gurasoen Kooperatiba da, elkarte autonomoa, gurasoek zuten borondatez osatu zutena, ikasleei kalitatezko zerbitzua eskaini ahal izateko, kudeaketa demokratiko eta garden baten bitartez. Ikastola honen helburu nagusiena 0-16 urte bitarteko ikasleak dira. Dagoeneko 39 urte luze pasa dira San Bizente ikastolagatik lehenengo urratsak eman zirenetik eta orduan Arabako Errioxan bizi zen errealitatea ez da gaur egungoa. Oiongo proiektu gisa sortu zena, Arabar Errioxako proiektua bilakatu da. Horretarako historiari errepasoa eman behar diogu.

1976ko gabonetan herriko eta aberriko kulturaz arduratutako guraso talde bat, galdutako sustraien berreskurapenaren beharra ikusirik bildu egin zen ikastola sortzeko asmoz. Oztopoak eta eragozpenak egon bazeuden baina ihardutenaren poderioz lortu zen gaur egun erabat finkaturik dagoena.

1977ko urtarrilean 11 ikasle besterik ez zeuden, bost urte geroago 56 eta 1987an 135era iritsi ziren. Egun matrikulazio zein onarpen portzentajea goraka doa baina herriko bertakoen umeak eta inguruetako umeen artean: Kripan, Ekora, Moreta, Labraza, Biana, Logroño. Honekin batera, Errioxara joan beharra izan duten guraso hauei ere bere seme-alaben euskal hezkuntza eskaini eta ziurtatzen diote.

Hasierako andereño desinteresatuek, hauen artean Arantxa, Pakita, Ana eta Maitanek eginiko lanak bere fruituak eman zituen eta 1987-1988 ikasturtean O.H.Oko lehenengo taldea atera zen.Ikastolak publikoa izateko bokazioa zuen heziketarako eskubidea berdintasunean bete zedin; baina 1994ko maiatzaren 24an Euskal Eskola Publikoaren Legea agertu zenean, sare pribatuan geratzea erabaki zuten, ikastolaren helburuetarako egokiago ikusi zutelako. Hala ere, aukera komenigarriago baten zain daude, euskal eskola publikoa izan nahi dutelako.

Harrotasunez begiratu dezakegu haur haiek, lonja kaskar batean hasi zirenak, gaur egun andre-gizonak eginda, ingeneritza, ingelesa filologia, magisteritza edo marketing ikasketak burututa dituztela.

LOGSE sistema hedatuz zihoan neurrian goiko mailak desagertuz joan ziren, beraz, eta 2 urteetatik hasita, zetozen haurren taldeekin Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza indarrean jartzen joan ziren. Ikastolen talde osoan finkatuz joan diren oinarri pedagogiko eta metodologikoak hasieratik ezarri ziren San Bizente Ikastolan, eta gaur egun guztiz garatuta dituzten proiektuen oinarriak: hezkuntzaren ikuspegi eraikitzailea, eleaniztasuna, Euskaraz Bizi, orientazioa, elkarbizitza...

San Bizente Ikastola sortu zenetik, nortasun izaera propioa izan du, batez ere, bere hezkuntza eredu propioa nahi izan zuelako garai horretan, haien baloreetan eta euskaran oinarritutako hezkuntza eredua, hain zuzen. Denbora pasa da, eta ibilbide horretan Ikastolako partaideak (guraso, irakasle, ez dozenteak eta ikasleak), egoera eta ingurua aldatu dira. Oiongo proiektu gisa sortu zena, Arabar Errioxako proiektua bilakatu da, D eredua eskaintzen duen Bigarren Hezkuntzako ikastola sortuz.

Orain klaustroak 27 irakasle osatzen du eta guztira 261 ikasle daude. Euskal kulturari lotzen zaizkion ekintzak egiten dituen irakasle bat ere hor dabil, honako hau Arabar Errioxako beste ikastoletan barne zabaltzen duelarik horrek suposatzen duen esfortzu eta eguneroko lana kontutan harturik.