Euskaltzaindiak Andima Ibinagabeitiaren artxiboak kontsultagarri jarri ditu bere webgunean. Haren artxiboak balio berezia du frankismo garaiko euskaltzaletasunaren testigantza gisa, Akademiak jakinarazi duenez.
Andima Ibinagabeitia (Elantxobe, Bizkaia, 1906 - Caracas, Venezuela, 1967) idazle, itzultzaile eta euskaltzain urgazlea izan zen. Espainiako gerra zibilaren ondorioz erbesteratu egin behar izan zuen eta atzerrian gauzatu ziren bere lan ia guztiak.
Ibiñagabeitiaren familiak 2000. urteko urrian eman zion artxiboa Euskaltzaindiari, Akademiaren egoitzan eginiko ekitaldian, Bilbon. 2006an, Euskaltzaindiak idazlea omendu zuen bere sorterrian, Elantxoben. Egun berean, Ibinagabeitiarekin batera omendu ziren Imanol Berriatua idazle eta euskaltzain urgazlea eta Gorgonio Renteria politikari eta idazlea.
BESTE DATU BATZUK
Sei ataletan banatu da Euskaltzaindiaren webgunean kontsulta daitekeen funtsa: 'Gutuneria', jaso eta erantzundako gutunak; 'Kazetaritza', Euskadi Irratia, Alderdi, Euzko Gogoa, Irrintzi eta bestelako hedabideetarako landutako artikuluak; 'Itzulpengintza' idazle klasikoen lanen itzulpenak (Ovidio, Virgilio...); 'Jon Mirande' idazlearen lanak eta berarekiko gutuneria mamitsua; 'Editore lanak', editore lanetan hainbat egilek bidalitako lanak; 'Saski-Naskia' orotariko dokumentuak.
Bestalde, Elhuyar Zientzia Azokaren 2025eko edizioa egingo da Bilboko Areatzan asteazkenetik larunbatera, maiatzaren 28tik eta 31ra. 60 ikastetxetako 640 gaztek hartuko dute parte, eta ikasturtean landutako 160tik gora STEAM proiektu egongo dira ikusgai, antolakuntzak jakinarazi duenez.
Elhuyarrek antolatutako Elhuyar Zientzia Azokak Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza Sailaren, FECYTen (Zientzia eta Teknologiaren Espainiako Fundazioa), Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Nafarroako Gobernuaren eta Erabiren laguntza du.
Azoka asteazkeneko 11:00etan irekiko da, eta Jon Abril Olaetxea Elhuyarreko koordinatzaile nagusiak egingo du ongietorria. Antolatzaile, babesle, kolaboratzaile eta gazteen familia argazkiaren ondoren, guztiek gazteen STEAM proiektuen erakusketa bisitatuko dute.