Euskaltzaindiak, ezustez beteriko liburu mardul eta interesgarri bat aurkeztu du Landakon, hots, Lizardiren poesiaren bilduma berria.
Agerpenean izan dira Adolfo Arejita Euskaltzaindiaren idazkaria, Bakartxo Urruzola hizkuntzalaria eta Karlos Otegi liburuaren paratzailea. Bildumak orain arte publikatu izan diren poema guztiak biltzen ditu, eta, horrez gain, berriki berreskuratu diren beste bi olerki: Habiatxo eta Goiz-ibiltze.
Gainera, Karlos Otegik idatzizko euskara batuaren eredura hurbildu ditu poema guztiak, euskara batuan ohitu eta trebatu den irakurleari Lizardiren olerkiak bertsio gertuagoan eskainiz. Otegiren iritziz, olerki hauek euskara batura ekartzea ez da Lizardirekiko desleialkeria, “aitzitik, euskara batuan jartzen saiatzea bat dator Lizardik berak hizkuntzaz zuen jarrerarekin”.
Berreskuratu diren bi poemak Edizio honetarako berreskuratu diren bi poemak Lizardiren familiak gordetzen zituen. Hain zuzen, Iñigo Agirre Lizardiren bilobak ekarri ditu eskuizkribuak prentsaurrekora, aditu eta kazetarien ikusmina piztuz. Eskuizkribuetan Kabitxu.
Olerki honen bi eskuizkribu gorde dira: bata, olerkariaren zuzenketez eta oharrez moldatua; bestea, garbira ipinia. Lehenengo eskuizkribuan ageri den data (1917-09-7/8a) kontuan izanik, Zelai urdina (1917-07-01) konposizioaren ondoren jarri da antologia berrian. Hona hemen poema luzearen lagin bat, hain zuzen, lehen atala:
Oi, zu zaren zoragarria, Udaberri hori,
hosto berriz jantziriko zuhaizti-gerrion!…
Eguzki itzul berriaren musuaz dirudi
oihana, atsegin-ikaraz, barrez ote dagon…
Beroni daragiozun abarrots biguna
eresintsua da, hotsa ia-ia be izan ezik…
Egunez, izarrak ager baleude bezala,
oskarbia dakust, orridiak xehaturik…
Ta, aintzira balitz lez zuhaizpeko loredia,
argi-jarioak, eguzki-hauts urretsuaz,
sorturiko begi zoli geldiezinakaz
antzartuta, berton dabil izarron islea…
Ta, hau gutxi balitz lez inori zorarazteko,
horra zelan ingumatxo zuri bat datorren,
niganantz, lorerik lore, emeki ta astiro,
oroi laztana gogora ohi den bezalaxen…
Zu zaren, bai, maitagarria, Udaberri hori!…
Zuhaizti-gerrian, egun-distiraz jantzita,
jostatzen bila zaitudan neska geltsu hori…
nork, egokiz, esan zu zaren zoragarria?…