Androiderako itzultzaile automatiko bat da Mitzuli, eta 50 itzulpen-noranzko baino gehiago eskaintzen ditu. Sarri izaera komertzialeko produktuek albo batera uzten dituzten ohiko hizkuntza gutxituen erabiltzaileen beharrizanak asetzeko xedea du Mitzulik. Tartean gure hizkuntzaz gain, afrikaansa, aragoiera, asturiera, daniera, errumaniera, esperantoa, frantsesa, galiziera, gaztelania, hindia, indonesiera, ingelesa, italiera, katalana, kroaziera, malaysiera, nederlandera, okzitaniera, portugesa, suediera eta urduarekin egiten du lan.

Testu bidezko itzulpena ez ezik, Mitzulik ahots bidezko sarrera eta irteera ditu. Eta irudi bidezkoa ere bai. Hori dela eta, aski da kartel bati argazki bat ateratzea, Mitzulik karteleko testua itzuli dezan.

Offline eta Online

Askotarikoak dira azpimarratu ditzakegun ezaugarriak. Horietako bat, Mitzuli Interneteko konexiorik barik lan egiteko gai dela da. Atzerrian gaudenean Roaming-eko tarifez ahaztea posible izango da, izan ere bere offlineko moduak onlineko moduaren kalitate berbera eskaintzen du, eta kamera bidezko sarrera bezalako ezaugarri aurreratuak ere eskuragarri daude.

Doakoa izateaz gain, Mitzuli software librea ere bada. Garatzaileentzat, Mitzuliren tripak edonoren eskura daudela esan nahi du horrek, nork bere beharretara egokitu, hobekuntzak egin eta aldaketa horiek guztiak modu askean partekatzeko aukera ematen duena alegia.