Euskaltzaindiak eta Bilboko Mediku Zientzien Akademiak bien arteko estreinako lankidetza hitzarmena sinatu dute, euskararen normalizazioari buruzko proiektuak gauzatzeko eta Euskaltzaindiak euskararen arloan ezarritako arauak zabaltzeko.

Era berean, Euskaltzaindiak jakinarazi duenez, erantzuna emango die Bilboko Mediku Zientzien Akademiak egindako kontsultei, kontsultok euskal lexikoari, gramatikari, ortografiari eta, oro har, euskararen araugintzaren bestelako gaiei buruzkoak direnean.

Hala, eta ildo horretatik jarraituz, bertatik azpimarratu duten bezala, akordioa sinatzeko ekitaldian izan dira Miren Agurtzane Ortiz Bilboko Mediku Zientzien Akademiaren presidentea, Ricardo Franco erakunde horretako ohorezko presidentea eta Andres Urrutia euskaltzainburua.

ELKARLANA BULTZATUKO DA ETA ARGITALPENAK SUSTATUKO DIRA

Horrela, argitalpenen arloan, elkarlana bultzatuko da, eta baterako argitalpenak sustatuko dira, euskarazko testuak edo ikerketa nahiz zabalkunde lanak batera kaleratzeko, eta, horrela, bi erakundeok euskararen inguruan sortutako testugintza hedatzeko. Halaber, bi erakundeak lankidetzan arituko dira bekak, ikastaroak eta programak sortu eta egin daitezen.

Azkenik, Euskaltzaindiak euskararen bilakaera aztertzeko eta arautzeko egiten dituen lanak ahalbidetzeko asmoz, 110 milioitik gora testu-hitz barruratzen dituen datu basea aberasteko, Bilboko Mediku Zientzien Akademiak gordetako edota sortutako ahozko zein idatzizko testu-multzoez baliatzeko adostasuna erakutsi dute.