Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Sailak Lurraldebusen 900 300 340 telefono zenbakiaren bidezko arreta zerbitzuaren ordutegia zabalduko du datorren astelehenetik, ekainaren 8tik, herritarren benetako beharretara moldatutako eta gero eta zerbitzu hobea emateko.

Horrela, Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako foru diputatuak azaldu duenez, orain arte astelehenetik igandera 08:00etatik 22:00etara ematen zen zerbitzu hori 07:00etatik 22:00etara emango da urteko egun guztietan.

Lurraldebusen 900 300 340 zenbakian ematen den telefono bidezko arreta zerbitzua da baloraziorik onenetarikoa jaso duena, 7,9 puntuko batez besteko kalifikazioarekin. "Oso ondo funtzionatzen ari den zerbitzua da. Erabiltzaileen artean gogobetetze maila handia du, baina ikusi dugu beharrezkoa dela beste urrats bat ematea eta eskaintzen den zerbitzua zabaltzea, jasotzen ari garen dei kopurua handitzen ari dela ikusi baitugu", adierazi du.

Garraio publikoaren erabilera maximo historikoetan dagoen bezala (31,2 milioi bidaia Lurraldebusen), telefono bidezko arreta zerbitzua ere hazten ari dela nabarmendu du Dominguezek, 2025ean 160.222 dei jaso ondoren.

Azaldu duenez, "gero eta pertsona gehiagok garraio publikoa erabiltzea nahi dugu, eta joan-etorriak egiteko ibilgailu pribatuaren mende egon beharrik ez izatea. Horretarako, linea berriak sortzeaz gain, eskaintzen dugun zerbitzua egokitzen ari gara, gure autobusen ordutegia goizetik gauera arte luzatuz, eta, horren ondorioz, Lurraldebusen erabilera maximo historikoetan gaude Gipuzkoan".

"Horren ondorioz, zerbitzu honetan jasotzen ari garen deiak ere ugaritu egin dira; horregatik, arreta ordutegia zabalduko dugu, tresna erabilgarria, erosoa eta azkarra baita. Horrela, beste urrats bat egiten dugu arreta hurbilagoa, eskuragarriagoa eta herritarren beharretara egokitua eskaintzeko", gaineratu du.