Expovacaciones azokak 46. edizioa egingo du Barakaldoko (Bizkaia) BEC erakusketa gunean ostiral honetatik igandera, maiatzaren 8tik 10era, eta, aisialdia eta kontsumo ohiturak aldatzen ari diren testuinguruan, "zentzumenekin bat egiten duten askotariko esperientziak" eskainiko ditu.

"Expovacaciones eskaintza eta eskariaren arteko topagunea da, eta bidaiariek proposamen pertsonalizatuak eta aholkularitza profesionala bilatzen dituzten unean erabakiak hartzeko prozesua errazten du", azpimarratu du aurkezpenean Amaia Esnal azokaren zuzendari berriak.

2026ko edizioan, besteak beste, Aragoi, Kantabria, Galizia, Andaluzia, Errioxa, Eivissa, Menorca, Ceuta, Melilla, Kanariar Uharteak, Costa Brava eta Gironako Pirinioak eskualdeek parte hartuko dute, nazioarteko proposamenekin batera, hala nola Lisboa, Alentejo, Algarve edo Portugalgo erdialdea. Eskaintzan, tailerrak, proposamen gastronomikoak, jarduera sentsorialak, dastaketak eta turismoari aplikatutako teknologia izango dira.

Turismo aktiboari dagokionez, era askotako proposamenak izango dira: Izturitze eta Otsozelaiako leizeak, Ojo Guareña Aventura eta Vulcano Trekking. Gastronomiaren atalari dagokionez, era askotako produktuak bilduko ditu azokak, besteak beste, cava eta gozogintzako produktuak, Argentinako enpanadak, hestebeteak, gaztak olioa, taloak eta hamburgesak. Horrez gain, familientzako guneak ere izango ditu, hala nola txikienentzat pentsatutako abentura zirkuitua.

Hiru egunez, azokak zuzeneko topaketa erraztuko du hurrengo oporretarako ideien, gomendioen eta proposamenen bila bidaiari profila duen publikoarekin. Gertuko harreman horri esker, enpresek beren eskaintza ikusgai jartzeko, posizionamendua indartzeko eta hurrengo turismogunea ezagutzeko eta planifikatzeko benetako interesarekin iristen diren bidaiariekin harreman berriak sortzeko aukera dute.