Soziolinguistika Klusterrak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) irailaren 22an itxiko dute Txillardegi-Hausnartu soziolinguistika sarien 18. ediziora hausnarketa eta ikerketa lanak aurkezteko epea.

Sustatzaileek jakinarazi dutenez, 2008. urtean sortu zenetik, lehiaketaren helburu nagusiak dira euskal soziolinguistika teorikoa eta metodologikoa garatzea eta berritzea, euskal soziolinguistikaren ikertzaileen lana bultzatzea eta ikertzaile berriak eremu honetara biltzea.

Euskararen soziolinguistika arloko ikerketa zein hausnarketa lanak aurkez daitezke, betiere oinarri zientifikoa badute edota zientzian oinarritutako hausnarketak proposatzen badituzte.

Diziplina askotatik proposatutako lanak izan daitezke, gainera, hala nola soziologiatik, hizkuntzalaritzatik, zientzia politikoetatik, psikologiatik, antropologiatik, komunikazio zientzietatik edo bestetik.

Bada, lanak aurkezteko epemuga irailaren 22a izango da. Lehen saria 2.000 euro eta Jose Luis Zumetaren litografia bat izango da, bigarrena 1.300 euro eta hirugarrena 1.000 euro.

Txillardegi-Hausnartu soziolinguistika sariak izenarekin Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi' euskal soziolinguista handia omendu nahi da, euskararen inguruko ezagutza soziolinguistikoa eraikitzen egin zuen lanagatik.

BESTE ALBISTE BATZUK

Bestalde, Arabako Foru Aldundiak 100.000 euro bideratuko ditu helduek euskara ikasteko diru laguntzetara, HABEk lurraldean homologatutako euskaltegietako A2, B1, B2 eta C1 mailetan matrikularen prezioa murrizteko -Trebiñuko enklabea barne-.

Foru erakundeko iturriek jakinarazi dutenez, laguntzak 135 eta 330 euro bitartekoak izango dira, moduluaren iraupenaren arabera (248 ordutik 600 ordu baino gehiagora). Gutxienez 190 orduko autoikaskuntzako moduluetarako laguntzak ere emango dira.

Diru laguntzak jaso ahal izango dituzte Arabako lurralde historikoan -Trebiñuko enklabea barne- 2025eko urriaren 1a baino lehen erroldatutako adin nagusiek. Eskabidea zuzenean izapidetuko da euskaltegian matrikula egiten den unean, eta euskaltegiak dagokion deskontua aplikatuko du. Laguntzak eskatzeko epea 2025eko irailaren 30ean amaituko da.