Osakidetzak Oiongo (Araba) osasun zentro berria jarri du martxan, udalerriko zein inguruko 3.600 biztanleri baino gehiagori zerbitzua emateko. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak hiru milioi euro inbertitu dituzte eraikinean, "zerbitzu osoagoa, modernoagoa eta irisgarriagoa emateko eta, horrela, Arabako Errioxako eskualdeko Lehen Mailako Arreta indartzeko".

Osasun publikoko arduradunek jakinarazi dutenez, zentro berria Oiongo Foru kaleko 11 zenbakian dago, eta 574 metro koadroko lursail batean eraiki da. Guztira hiru solairu ditu, eta 911,10 metro koadroko azalera eraikia, aurrekoan baino 545 gehiago.

Familiako Medikuntzako Erizaintzako hiruna kontsulta, Pediatriako eta Erizaintza Pediatrikoko kontsulta bana, erauzketa, sendaketa eta proba funtzionaletarako balio anitzeko gela bat, irakaskuntza eta prestakuntzako kontsulta bat, odontologo eta higienistentzako bi kontsulta, emaginaren kontsulta bat eta talde jardueretarako gela bat, administrazio eremu bat, bilera gela bat, guardiako bi logela, langileen egongela bat eta komunak-aldagelak ditu. Lanek 24 hilabete iraun dute.

Oiongo osasun zentro berriak ekipamendu sanitario gisa jardungo du, Osasun Sailak eta Osakidetzak abiatutako beste ekintza batzuekin batera, Arabako Errioxako eskualdean osasun arreta indartzeko eta ongizatean hazteko konpromiso gisa.

Hain zuzen ere, Lezako ospitalea modernizatzeari ekin diote duela gutxi, eta Guardian osasun zentro berria eraikiko dutela iragarri dute. Bi obra horietarako 3,8 milioi euroko inbertsioa aurreikusi da.

Arabako Errioxako ESIak erreferentziazko erietxe bat du jada (Lezakoa), bai eta hiru osasun zentro (Bastida, Guardia eta Oion) eta 15 kontsultategi mediko ere.