Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 13.433 ikasle egingo dute Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) datorren astean, aurreko ikasturtean baino %0,2 gehiagok, orduan 13.401 izan baitziren.

Unibertsitatera Sartzeko Ebaluaziora aurkeztutako ikasle guztietatik 12.073 Batxilergokoak dira

EHUko iturriek jakinarazi dutenez, Unibertsitatera Sartzeko Ebaluaziora aurkeztutako ikasle guztietatik 12.073 Batxilergokoak dira, 849k Lanbide Heziketako goi mailako heziketa ziklo bat egin dute, eta aurreko kurtsoetako 511 irakasgai batzuetara aurkeztuko dira nota igotzeko. Lanbide Heziketako ikasle kopuruan izandako igoera nabarmendu da, 815tik 849ra pasatuz, hau da, %4 gehiago.

Campuska banatuta, 1.762 ikaslek Arabako campusean egingo dute Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa, 6.291ek Bizkaikoan eta 4.786k Gipuzkoakoan; beste 83 ikasle ez daude campus batera atxikita. Halaber, aurkeztuko diren ikasleen %57,84 emakumezkoak dira (7.474), eta %42,16 gizonezkoak (5.448).

Hizkuntzari dagokionez, Batxilergoko ikasleen %77,21ek euskaraz egingo dute proba (9.322 ikasle), eta %22,79k gaztelaniaz (2.751); Lanbide Heziketako goi mailako heziketa ziklo bat egin duten ikasleei dagokionez, %55,48k euskaraz egingo dute (471), eta %44,52k gaztelaniaz (378).

Bestalde, EAEko ikastetxeetako hezkuntza premia bereziak dituzten 703 ikaslek egokitzapenak beharko dituzte Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa egiteko, eta, aurreko urteko ikasle kopuruaren aldean (598), ikasturte honetan %17,6 gehitu dira eskaerak.

Proba egiteko egokitzapenak indarrean dagoen araudiak aitortutako eskubidea dira

Proba egiteko egokitzapenak indarrean dagoen araudiak aitortutako eskubidea dira, eta neurri horrek bermatzen du ikasle guztiek izango dutela proba egiteko aukera berdintasuna. Sarbide probetako egokitzapen guztiak EHUko Desgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzuak kudeatzen ditu ezarrita dagoen prozedurari jarraituz.

Ohikoa denez, Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa hiru egunetan egingo da, ekainaren 5etik 7ra. Azterketei dagokienez, pandemian sortutako egitura malgua mantendu da, eta, berritasunen artean, Hezkuntzaren Lege Organikoa aplikatuz, aurten ikasleek Espainiako Historiako azterketa edo Filosofiaren Historiako azterketa egitea aukeratu ahal izango dute, eta hautazko eta modalitateko irakasgaiak 30era igo da, epaimahai bat gehiago eratzea ekarriz. Proben emaitzak ekainaren 13an argitaratuko dira, 12:00etan.