Euskal Herriko Unibertsitateko Joxe Azurmendi Katedrak eta Jakin Fundazioak elkarlanean bideratutako Ur-jauzia bildumaren liburu berria aurkeztu berri da. Iñaki Zabaleta UPV/EHUko Filosofia Saileko irakasleak idatzitako ‘Nazioa eta hizkuntza Humboldten pentsamenduan’ lanak humanista ezagunaren pentsamenduan nazioak eta hizkuntzak hartzen duen lekua du aztergai.

Aurkezpen-ekitaldian parte hartu dute: Agustin Erkizia, UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreordeak; Sebastian Zurutuza, Gipuzkoako Foru Aldundiko Estrategia zuzendariak; Lorea Agirre, Jakin Fundazioko zuzendariak; Xabier Eizagirre, Ur-jauzia bildumaren editoreak; eta, Iñaki Zabaleta Gorrotxategi, liburuaren egileak.

“Nazioaren inguruko auzia beti dago presente Euskal Herrian-dio liburuaren egileak-, zuzenean edo zeharka, baina auzi hori ez da gurea eta gaurkoa bakarrik eta, alde horretatik, probetxu handikoa izan dakiguke Wilhelm von Humboldt (1767-1835) bezalako pentsalari bati erreparatzea. Autore honek ere, bere garaian eta bere testuinguruan, beharrezkoa deritzo herrien identitate kolektiboez edota ‘karaktere nazionalez’ galdetzeari, hain zuzen, humanista bezala ondo asko dakielako gizakia edota giza-banakoak ezin direla giza-taldeetatik at ulertu. Politika kontutan, bestela, Humboldtek aldi berean dihardu prusiar ‘hiritar’ eta alemaniar ‘herritar’ bezala ‒inoiz ahaztu gabe politika, propioki, bitarteko dela eta ez helburu‒ beti ere eta oro har garbi bereiziz, teorian eta praktikan, zer den estatua eta zer nazioa. Bada azken hau dela-eta, nazioa kontzeptualki ulertzerakoan, hizkuntzari erreparatu beharra azpimarratzen du ‒funtsean betikoa den ideia bati jarraituz‒ eta horren harira berdin mintzo da hizkuntzaren karaktere nazionalaz edota nazioaren zehaztapen linguistikoaz. Honetan guztian, gainera, Humboldtek oso presente du bere euskal esperientzia ‒gogoratu bera birritan, 1799an eta 1801ean, egon zela gure artean‒ eta horrek ere, jakina, haren pentsamendu orokorrarekiko gure interesa areagotzen du”.

Iñaki Zabaleta Gorrotxategi (Donostia, 1966) filosofian lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean eta, batxilergoan irakasle aritu ondoren, Koloniako Unibertsitatean doktoratu zen. Egun UPV/EHUko Filosofia Saileko irakaslea da, eta baita Joxe Azurmendi Katedraren koordinatzailea ere. Haren arretagune nagusia, ikerketari begira, Wilhelm von Humboldt pentsalariaren obra da; horri dagokionez, argitaratu ditu jada bi liburu: ‘Wilhelm von Humboldt: hezkuntza eta hizkuntza’ (Jakin, 2005) eta ‘Wilhelm von Humboldt eta Euskal Herria’ (UPV/EHU, 2017).