Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak Urduñako (Bizkaia) espetxe frankistako beste lau biktimaren gorpuzkiak identifikatu ditu genetikoki. 2014ko, 2022ko eta 2024ko desobiraketa kanpainetan herriko hilerritik berreskuratutako gorpuzkiak dira, Faustino Aguado Serrano (Tomelloso, Ciudad Real), Manuel Guillen Exposito (Badajoz), Miguel Fuertes Molina (Mirandilla, Badajoz) eta Antonio Monge Crucera (Medellin, Badajoz) presoenak, hain zuzen ere.

Identifikazio berri horiekin, dagoeneko 22 dira identifikatu direnak, eta 93ren familiei eman zaizkie, Gogora Institituko iturriek prentsa ohar bidez jakinarazi duenez.

Maria Jesus San Jose Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideetako sailburua, Alberto Alonso Gogorako zuzendaria eta memoriaren eta giza eskubideen teknikari bat datozen asteetan joango dira identifikatuen familiekin biltzera, gorpuzkiak eman eta ehorzketetan laguntzeko.

BESTE GAI BATZUK

Bestalde, Mercadona konpainiak hamargarren urteurrena ospatu du Bizkaian 101 milioi eurotik gorako inbertsio metatua eginda eta 17 denda irekita. Gainera, lurraldeko "enplegu eragile gisa duen rola" berretsi du, 2015eko urriaren 22an Barakaldoko Megapark merkataritza gunean lehen denda ireki zuenetik, kalitatezko 1.178 lanpostu egonkor sortu baititu lurraldean kontratu mugagabeen bidez.

Konpainiatik nabarmendu dutenez, arreta pertsonengan jarrita, Mercadonarentzat "funtsezkoa da talentua erakartzea, atxikitzea eta sustatzea", eta, horregatik, baliabide ekonomiko eta giza baliabide ugari inbertitzen ditu langileen prestakuntzan, plantillari etengabe ikasteko eta hobetzeko aukerak eskaintzeko.