Udaleko Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzua III. HANUP prestatzeko ekarpenak jasotzen ari da oraindik ere. Hori dela eta, neska-mutilak, nerabeak eta familiak Udalari beren iradokizunak igortzeko garaiz dabiltza oraindik ere. “Haurrak eta nerabeak animatu nahi ditugu hirian garatzea gustatuko litzaiekeen ekintzak bidaltzera. Gure helburua da antolatzen dugun guztian haurrak eta nerabeak kontuan izatea, haien eskubideak eta ongizatea bermatzea, beren gustuen araberako jarduerak topatzea, babestea eta seguru sentiaraztea. Horregatik guztiagatik, zure iritziak behar ditugu eta, zenbat eta gehiago izan, hobeto”, adierazi du Raimundo Ruiz de Escuderok, Gizarte Politiken zinegotziak.

Hala, eta ildo horretatik jarraituz, "Gasteizko Udalaren Haurtzaroari eta Nerabezaroari Laguntzeko Tokiko III. Planak hiriko haurren eta nerabeen eskubideak eta ongizatea bermatzeko asmoz hurrengo urteotan Udalak garatzea aurrez ikusi dituen ekintzak jasoko ditu", azaldu zuten Gasteizko Udaletik prentsa-ohar baten bitartez.

Ekintzak, beharrei lotuta egongo dira

Ekintza horiek haien beharrei lotuta egongo dira eta, hori lortu ahal izateko, profesionalek, neska-mutilek, nerabeek eta familiek egindako ekarpenak jaso nahi dituzte.

Helburu horrekin, iritziak biltzeko kanpaina Gabonetan abian egon da Europa Jauregian zabaldu zuten Haurrentzako Eguberrietako Parkean. Oraingoan, aldiz, Lakua gizarte-etxera eraman dute. Jarraian, hurrengo astean, Ibaiondo gizarte-etxean egongo da eta, gerora, beste auzo batzuetara iritsiko da.