"Azkena Rock Festival jaialdiko anpliak berriro piztu eta bolumena ahalik eta goren igoko dugu, 2024ko ekainaren 20, 21 eta 22an Gasteizko Mendizabalan elkartuko garela iragartzeko. ARFren betiko ezaugarrietako bat izan da rock & rolla bere zabaltasun osoan hartzen duela, jaialdiaren nortasunarekin bat datorren espiritua baitu, eta horren erakusgarri da gaur aurkeztuko dugun artisten aurrerapena: Queens Of The Stone Age, Sheryl Crow, Arde Bogotá, Glen Hansard edo Ty Segall, besteak beste, etorriko dira", azpimarratu zuten Arabako Foru Aldundiatik.
Hala, hemen da, berriro ere, zuzeneko musikarekin huts egin ezinezko hitzordua, eta "gure 22 urteko bide honetan gurekin izan zaretenoi eskerrak emate aldera", jaialdirako sarreren aurresalmenta bat egingo du gaurtik ostegunera bitarte, aurreko edizioren batera joan direnentzat soilik. Sarreren salmenta orokorra azaroaren 10ean, ostiralean, hasiko da, 10:00etan, azkenarockfestival.com eta seetickets.com/es webguneetan.
Azkena Rock Festival jaialdiaren edizio honetan, Sheryl Crow izango da; musika iparramerikarraren ordezkari garrantzitsuenetakoa duela bi hamarkada baino gehiago etorri zen Estatura azken aldiz, eta plataformetan estreinatu berri den dokumentalarekin bete-betean egin du gaur egunera jauzi, bizitzan eta musikaren munduan gogor borrokatu behar izan duela eta ikono feministatzat har daitekeela argi utzita.
Michael Jackson-en korista izaten hasi zen 18 hilabetez, baina nortasun eta ausardia handikoa zela frogatu zuen, bere karrera abiarazi eta erabaki guzti-guztiak berak hartutako disko arrakastatsuak kaleratzen hasi zenean. Country, rock, pop, folk edo blues estiloekin jolasean, hit atenporalak sortzeaz gain, rockaren munduan gora egitea lortu du, gizon askoren gainetik. Bere ibilbidean zehar egindako kolaborazioen zerrenda amaigabea da, baina bat edo beste nabarmentzearren, rock izar hauek aipatuko ditugu: Rolling Stones, Jason Isbell, Loretta Lynn, Johnny Cash, Stevie Nicks edo Willie Nelson.
Zenbaiten ustez Estatuko rockaren salbatzaile izaki, Arde Bogotá taldea unerik onenean dago, bira berriaren barruan aretoetan eskaintzen ari diren kontzertu guztietan sarrerak agortzen dira eta. Asko zaindutako produkzioa eta indar eta sentimenduz jositako letrak dira talde honen diskografiaren oinarri, non Arctic Monkeys, Foo Fighters edo Héroes del Silencio taldeen eragina nabaria den. Arde Bogotá, gainera, Azkena Rock Festival jaialdiaren sare sozialetan jendeak gehien eskatzen duen taldeetako bat da.