La Caixa Fundazioaren Gizarte Proiektuen Deialdiak Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-erakundeen 55 proiektu hautatu ditu, eta 1.412.100 euro bideratuko ditu horietara.

Zuzkidurak hirugarren sektore sozialaren ekintza bultzatuko du, eta kalteberatasun-egoeran dauden 22.300 euskalduni baino gehiagori arreta ematea ahalbidetuko du.

Aukera-berdintasuna eta bizi-kalitatearen hobekuntza sustatzen jarraitzeko eta gizartean sortzen ari diren premiei erantzuteko, deialdiaren edizio berri honetan hautatutako proiektuak honako zazpi jarduera-eremu hauetako batean kokatzen dira: pobrezia eta gizarteratzea, desgaitasuna edo nahasmendu mentala duten pertsonak, gizarteratzea eta laneratzea, osasuna eta gaixotasuna, adinekoak, gizarte-ekintza, eta bizikidetza eta kulturartekotasuna.

Hala, eta ildo horretatik jarraituz, La Caixa Fundaziotik azpimarratu zutenez, "duela bi urte abian jarri genuen lurralde-ereduak ahultasun-egoeran dauden pertsonengandik eta lurralde bakoitzeko irabazi-asmorik gabeko erakundeengandik gertuago egotea ahalbidetzen digu, kasu honetan Euskal Autonomia Erkidegokoengandik. Hirugarren sektore sozialarentzako laguntza hauen bidez, gizarte bidezkoago baterantz aurrera egiten jarraitu nahi dugu, eta horretarako, aukera-berdintasuna, gizarteratzea eta pertsonen bizi-kalitatea hobetzea sustatzen duten ahalik eta proiektu gehien bultzatzen ditugu", azpimarratu zuen Joana Prats La Caixa Fundazioaren Gizarte Erakundeekiko Harremanen Arloko zuzendariak, Deustuko Unibertsitatean, Bilbon, egin zen deialdiaren aurkezpenean.