Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak gaur aipatu duenez, Eusko Jaurlaritza “trantsizio-politika bat garatzen ari da zaintza-eredu berri baterantz egiteko gizarte-ikuspegitik eta lan horien zama orekatzetik, batez ere ordaindu gabeko lanak direnean”.
Gasteizko Gran Hotel Lakua hotelean ASCUDEN elkarteak antolatuta Zaintzen Munduko Eguna ospatzeko egin den ekitaldian ehun bat zaintzailek parte hartu dute, eta bertan izan dira, Melgosa sailburuaz gainera, Raimundo Ruiz Escudero zinegotzia, Alberto Blanco ASCUDEAN elkarteko presidentea, Maite Aranegi idazkaria eta Carmen Hermosa diruzaina ere. Ekitaldian Antonio de Benitok idatzi duen “El silbido del Viento” liburua aurkeztu da.
Nerea Melgosak adierazi duenez, “zaintza instituzionalaren pisua indartuko duen zaintza-politika integrala, zeharkakoa eta genero-ikuspegiduna sendotu nahi dugu”. “Oso garrantzitsua da –nabarmendu du– familia zaintzaileei laguntzea. Laguntzabide proiektuak etxean krisi-egoeran dauden familiei erantzuten die, laguntza arina eta azkarra emateko eta daukaten egoera kritikoa normalizatzen laguntzeko”.
Era berean, sailburuak aipatu du Eusko Jaurlaritza Zainketen aldeko Aliantza Globalean sartu dela. NBE Emakumeak erakundeak sustatutako lankidetza-ekimenak gobernuak, gizarte zibileko erakundeak, enpresak eta beste eragile batzuk biltzen ditu zainketa-sistemak aldatzeko.
Aitorpena
“Helburua da ordaindu gabeko zainketa-lana aitortzea eta baloratzea, eta sektoreko lan-baldintzak hobetzea. Gainera, gizonek eta emakumeek zeregin horiek partekatzen dituztela bermatu nahi da”, azpimarratu du Nerea Melgosak.
Hain zuzen ere, azaroan, hilaren 15ean eta 16an, Eusko Jaurlaritzak Zainketei buruzko I. Biltzarra antolatu du, zainketen gizarte-antolaketarako eredu publiko batean oinarritutako euskal itun baterantz aurrera egiteko.
“Nik uste dut bi lan-jardunaldi horietan asko ikasiko dugula, eta, gainera, oso argi markatuko dute nolakoa den zaintzaileentzat bizi-baldintza hobeak lortzeko hasi dugun bidea. Zainketei buruzko I. Biltzar horretan parte hartzera animatzen zaituztet, pilatuta duzuen esperientziaren eta jakintzaren berri emateko”, esan die Melgosa sailburuak ASCUDEAN elkarteko kideei.
Bestalde, sailburuak Lanaren Nazioarteko Erakundea (LANE) ere aipatu du, eta honako hau esan du: “kontu eta kalkulu batzuk atera ditu, eta “Zaintza-lana eta zaintzaren arloko langileak” txostenean jaso ditu: 16.400 ordu baino gehiago egunean, 2.000 milioi pertsona zaintza-lanetan egunero mundu osoan. Eta hori inolako ordainik jaso gabe. LANEk adierazten duenez, herritarren zati handi bat, gehienak emakumeak, baztertzen eta diskriminatzen dituzten zenbakiak dira. Europar Batasunean, eta Europa osoan, herritarren % 23 ez dago aktibo lan-merkatuan, inolako ordainik jaso gabe zaintza-lanetan aritzen direlako”.
“Zaintzaren arloko lana herrialde askotan Barne Produktu Gordinaren % 20ra edo % 30era iristen da. Berriro diot: LANEk aste honetan bertan eman dituen zifrak dira, eta nik neuk uste dut kopuruak oraindik ere handiagoak direla. Lurrean 8 mila milioi biztanle gara, eta ezin dugu imajinatu ere egin zenbat pertsona ari diren beste pertsona batzuk zaintzen Hirugarren Munduko herrialde askotan”, esan du gaur goizean Melgosak Gasteizen.
Nazio Batuak
Sailburuak Facundo Chávez Giza Eskubideen aldeko Nazio Batuen Goi Komisarioaren Bulegoko Giza Eskubideen eta Ezintasunaren arloko aholkularia ere aipatu du, eta esan du proposatu duela “zaintza-lana balioestea eta denbora-gainkarga murriztea”. Zorionez, hemen, Araban eta Euskadi osoan, jada ari gara hori egiten, eta horretarako dauzkagu ASCUDEAN bezalako elkarteak eta lehenengo mailako zerbitzu sozial instituzionalak, eta beti ekimena hartuta eta elkarlanean lan egiten dugu”.
“LANEk emandako zenbaki horiek aditzera ematen dute 7 urte barru, 2030ean, 2.300 milioi pertsona arituko direla mundu osoan zaintza-lanetan, 2015ean baino % 10 gehiago. Eta, berriro diot: segur aski askoz ere gehiago izango dira”, adierazi du.
Nerea Melgosak kuantifikatu duenez, “emakumeek ordaindu gabeko zaintza-lan guztiaren % 76,2 egiten dute. Betebehar horiek emakumeoi izendatze hori aldatu egin behar da… hemen, Euskadin, zorionez, jada ari gara egiten. Ascudean elkarteko kideok ondo asko dakizue hori: genero-estereotipoak zalantzan jarri badira ere, Euskaditik eta Europa aurreratuenetik kanpora, Nazio Batuen arabera, oraindik ez da garapen teknikorik izan benetako irtenbideak eskainiko dituzten egituren arloan”.
Gaur egun, LANEk adierazten duenez, emakumeek oraindik ere gizonek baino 3,2 aldiz denbora gehiago eskaintzen diete zainketei: guztira lau ordu eta 25 minutu egunean, eta gizonen kasuan ordubete eta 23 minutu dira.
“Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailetik etorkizun handiko proiektu ilusionagarri bat, Familia Zaintzaileei Laguntzeko Estrategian jasota dagoena, finantzatzen ari gara ASCUDEAN elkartearekin. Eusko Jaurlaritzaren 2021-2024rako Euskadiko Arreta Soziosanitariorako Estrategia berria eta 2021-2030erako Familia Zaintzaileei Laguntzeko Estrategia kontuan hartuta, berebiziko garrantzia du genero-ikuspegiak zaintzaren arloan dauden desberdintasunak gainditzeko. Argi eta garbi planteatzen ditugu berdintasuna eta erantzunkidetasuna. “Zaintzak demokratizatze” hori erakundeen, Hirugarren Sektoreko entitateen eta gizarte osoaren esku dago, aipatu du Melgosak.