Bilboko Ingeniaritza Eskolako Formula Student Bizkaia taldeak, datorren larunbatean, azaroak 4, 2022/2023 denboraldiko ibilgailua aterako du kalera. Monoplazak Bizkaiko hiriburuko kale nagusiak zeharkatuko ditu, Bilboko Udaltzaingoak lagunduta. Ibilgailua San Mames futbol zelai barrutik abiatuko da, eguerdiko 12:30ean, eta 30 minutu inguruko ibilbide bat egingo du Sabino Arana, Kale Nagusia, Euskadi Plaza, Udaletxea eta Areatzan barrena. 

"Driving Bilbao” egitasmoa 2015. urteaz geroztik egiten da, UPV/EHUk azaroan egin ohi duen Zientzia Astearekin bat etorrita, eta helburua da Formula Student Bizkaia proiektuko ibilgailu elektrikoa erakustea.  

Formula Student Bizkaia egitasmoa 2006an jarri zen martxan, eta proiektuan parte hartzen duten Ingeniaritzako ikasleek Formula motako monoplaza bat diseinatu eta eraikitzen dute, Silverstone eta Barcelona-Catalunyako zirkuituetan egiten diren nazioarteko Formula Student lehiaketetan parte hartzeko, mundu osoko 100 unibertsitate baino gehiagoren aurka. Formula Student Bizkaia proiektua osatzen dute Bilboko Ingeniaritza Eskolako 49 ikaslek eta 3 irakaslek.

Bizkaiko hiriburuko kaleetara aterako den Formula Student Bizkaia monoplaza hamazazpigarrena da jada Bilboko Ingeniaritza Eskolan munduko unibertsitate lehiaketa prestigiotsuenetako batean parte hartzeko prototipoak eraikitzen hasi zirenetik. Formula Student lehiaketak nazioarteko ingeniaritza lehiaketa garrantzitsuenak dira, eta mundu osoko 3.000 ikaslek baino gehiagok osatutako 100 taldek parte hartzen dute.

FSB2023 prototipoaren ezaugarriak dira: lehiaketa monoplaza elektrikoa, ia 110CV-ekoa; Formula Student zirkuituei egin behar zaizkien 22 itzuliak egiteko autonomia; erabateko trakzioa lau motorrekin (motorra-gurpilean teknologia); karbono zuntzezko monobloke eta pack aerodinamikoa; 220 kilogramoko pisua; 110 km/h-ko gehieneko abiadura; 0tik 100 km/h-rako azelerazioa 3,8 segundotan; wifi bidezko telemetria.

Aurreko prototipoaren (FSB2022) teknologian oinarrituta, hainbat hobekuntza egin dira: txasisa eta aerodinamika batera diseinatu dira, errepidera itsasteko gaitasuna maximizatzeko bihurguneetan; esekidura karbono zuntzez fabrikatu da, pisua gutxitu eta gidatze erraztasuna mantentzeko; baterien packa optimizatu da, tamaina eta pisua txikituz eta paketatzea trinkotuz; azkenik, frenatzean energia berreskuratzeko sistema bat erantsi da.

Honako hau izango da ibilbidea:

1. zatia: San Mamesetik Moiuara.

2. zatia: Moiuatik Euskadi Plazara.

3. zatia: Moiuara itzultzea, Mazarredo kaletik eta Rekalde zumarditik igarota.

4. zatia: Moiuatik Udaletxera, Plaza Zirkularretik igarota.

5. zatia: Udaletxetik Foru Aldundiaren Jauregira, Areatzeko zubitik.