Gasteizko Udaleko Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzuak, Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean, azaroaren 7rako, astelehenerako, Hazkuntza eta garapen osasungarria. Sinesmena edo zientzia? izenburupean gurasotasun positiboari buruzko jardunaldia antolatu du. Europa jauregiko Gasteiz aretoan egingo da eta goizeko saioa profesionalentzat izango da, eta arratsaldekoa, aldiz, familientzat.
Adituek eskainiko dituzte hitzaldiak: Enrique Arranz Freijo, Psikologian doktorea eta EHUko Psikologia fakultateko irakaslea; Florencia Barreto-Zarza, Psikologian doktorea EHUko Psikologia fakultatean eta Psikopedagogian lizentziatua; Julio Pérez López, Psikologian doktorea eta Murtziako unibertsitateko katedraduna; eta Susana García Elburgo, Gasteizko Udaleko Gizarte Politiken Saileko Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzuko burua.
Enrique Arranz Freijok eta Florencia Barreto-Zarzak haurren hazkuntzari eta garapenari buruzko inkesta aurkeztuko dute. Bestalde, Julio Pérez Lópezek haurren garapenaren sustapena, prebentzioa eta hazkuntza osasungarria izango ditu hizpide. Eta, amaitzeko, Susana García Elburgok gurasotasun positiboari buruzko onlineko tresna berria aurkeztuko du.
Gizarte Politiken zinegotziak, Raimundo Ruiz de Escuderok, azaldu duenez, “gurasotasun positiboaren helburua da neska-mutilen beharrak asebetetzea eta Udalak urte asko daramatza lan horretan barneratuta. Hala, haurren garapen osoa ahalbidetzeko beharrezko aitortza eta orientazioa eskaini nahi zaie. Ekintza ugariren bidez, Udalak familiei babesa eman nahi die haien seme-alaben hazkunderako eta hezkuntzarako gaitasunak garatzeko bidean. Ekintza guztien oinarriak printzipio hauek dira: haurraren interes gorena errespetatzea eta gurasotasunaren dimentsioetan eta, eraginkortasuna frogatu ahal izateko, neurgarriak eta ebaluagarriak diren ezagutza zientifikoetan oinarritutako programak bideratzea.
Asteleheneko jardunaldia bi saiotan banatuko da: goizekoa 09:00etatik 13:30era bitarte egingo da profesionalen aurrean, eta arratsaldekoa, aldiz, 17:00etatik 19:15era bitarte egingo dena, 0 eta 6 urte arteko seme-alabak dituzten gurasoei eta hezkuntza arloko eragileei bideratuko zaie.
Sarrera librea da, baina aurrez izena eman beharko da Udalaren webgunetik. Arratsaldeko saioan, haurtzaindegi-zerbitzua (izena emateko garaian erreserbatu beharko da) egongo da familiek saiora joateko aukera izan dezaten. Gainera, egokitzapenen bat behar izanez gero, izena emateko garaian edo posta elektroniko bidez (plina@vitoria-gasteiz.org) mezua bidalita zehaztu beharko da.