Gasteiz - Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak Euskadiko Ekonomia Zirkularreko Estrategia onartu zuen aste honetako bileran, 2030era begira, Euskadi ekonomia zirkularreko eredura igarotzea sustatzeko eta Europan "erreferen-tziazko eskualde" bilakatzeko eginkizunarekin.
Euskal enpresek produktu zirkularragoetan duten fakturazioa 10.000 milioi eurora arte gehitzea, ekonomia zirkularraren eremuan 3.000 lanpostu sortzea eta kontsumoari lotutako karbono emisioak %26 murriztea izango dira helburu zehatzak, Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak azaldu zuenez.
Arriolaren hitzetan, "2016an ekonomia zirkularreko irizpideak aplikatu dituzten produktu eta zerbitzuek eragindako fakturazioa 2.852 milioi eurokoa izan dela kalkulatzen da, eta enpresen fakturazio osoaren %28 da".
Enpresek eginiko aurreikuspenek ekodiseinatutako produktu edo zerbitzuen salmenten hazkunde handia dute, bai termino absolutuetan, bai ehunekoetan, eta 7.250 milioi eurokoak izango dira 2020an. Etorkizuneko aurreikuspenen arabera, produktuaren, zerbitzuaren edo prozesuaren berrikuntzen ondorioz sortutako 10.000 milioi euro gaindituko direla 2030ean; haien bidez, ingurumeneko eragina murriztea lortuko da, produktuaren bizi zikloan.
Lanpostuak sortu Halaber, Euskadiko Ekonomia Zirkularraren Estrategiaren aplikazioak "zuzeneko eragina" izan nahi du lanpostuen sorreran. Negozio berrien garapenaren eta egungo enpresen lehiakortasunaren hobekuntzaren bidez, enplegu berriak sortu nahi ditu, bai gaur egun dauden enpresetan, bai eredu aldaketaren ondorioz sortutako konpainia berrietan.
"Gaur egun, Euskadiko industria sektorean ekonomia zirkularraren jarduerekin lotura duten 18.463 enplegu daude. Horrek esan nahi du euskal ekonomiako enplegu guztien %2 baino pixka bat gehiago", esan zuen Iñaki Arriola sailburuak. 2030era begira, helburua da zifra hori gehitzen jarraitzea, harik eta 3.000 enplegu berrira iritsi arte.
Hirugarrenik, Ekonomia Zirkularraren Estrategiaren aplikazioak berotegi efektuko gasen emisioen murrizketan ere eragin nahi du. "Urtean ia milioi bat tona CO2 murriztea aurreikusten da, dauden beste estrategiekin batera", alegia, %26ko murrizketa, Ingurumen sailburuak esan zuenez.
Murrizketa hori hondakinen kudeaketako aldaketek eragingo dute, alegia, hondarren sorkun-tzaren beherakadak eta ekonomiara bigarren mailako material gisa berriro sartzeak eta baliabideen inportazioaren murrizketak.
Helburu estrategikoak Emaitza horiek lortzeko, Euskadiko Ekonomia Zirkularraren Estrategiak hiru helburu estrategiko ezarri ditu: %30 areagotzea produktibitate materiala, %30 areagotzea material zirkularraren erabilera tasa, eta %30 murriztea hondakinen sorrera tasa BPGren unitateko.
Arriola sailburuak ezagutzera eman zuenaren arabera, atzo onartutako estrategiak beste bi helburu ere gehitu dizkio azken xedeari, Europako Batzordeak lehenetsitako bi joerarekin lotuta hain zuzen ere: alde bateteik elikagaien hondakinak erdira murriztea eta besttik plastikozko estalkien %100 birziklagarriak izatea. - EP
Enplegua. Gaur egun, Euskadiko industria sektorean ekonomia zirkularraren jarduerekin lotura duten 18.463 enplegu daude, hau da, euskal ekonomiako enplegu guztien %2 baino pixka bat gehiago. Arriola sailburuak atzo esan zuenez, 2030era begira, helburua da zifra hori gehi-tzen jarraitzea, harik eta 3.000 enplegu berrira iritsi arte.
Erreferentzia. Euskal enpresek produktu zirkularragoetan duten fakturazioa 10.000 milioi eurora arte gehitzea da helburuetako bat, EAE arlo ekonomiko honetan erreferentzia bihur dadin Europa mailan.