Elhuyarrek eta Donostia Kulturak Emakume zientzialarien argitan solasaldi zikloaren edizio berria antolatu dute udazkenerako, eta oraingoan osasunaren gakoak izango dira aztergai. Orotara hiru saio izango dira, euskaraz, Donostiako Ernest Lluch kultur etxeko areto nagusian.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, emakume zientzialariak ezagutzea da egitasmoaren helburua, emakumeen ekarpenak ezkutuan geratu baitira zientziaren eta teknologiaren historian, eta gaur egun ere nabarmena da emakumeen kontrako diskriminazioa arlo horretan.
Bada, aurtengo edizioan, giza osasunean eragin zuzena duten ariketa fisikoaren, ingurunearen eta elikaduraren gainean ikertzen eta lan egiten duten hiru emakume zientzialari ezagutzeko aukera izango da aurrez aurreko solasaldien bidez, Ana Galarraga Aiestaran Elhuyarreko zientzia komunikatzailearen eskutik: Maialen Araolaza Arrieta, Aitana Lertxundi Manterola eta Eli Gallego Moreiro.
Hain zuzen ere, lehenengo saioa irailaren 30ean izango da, eta Maialen Araolaza Arrietak 'Ariketa fisikoa, ongizaterako giltza' hitzaldia eskainiko du. Araolaza Arrieta Ikerketa Biomedikoan doktorea da EHUn, Fisioterapian diplomatua eta lizentziaduna Ramon Llul Unibertsitatean, eta Telemedikuntzako masterra egin du Kataluniako Unibertsitate Irekian.
Adineko emakume osasuntsuen errendimendu funtzionalaren desberdintasunak ikertu zituen doktore tesian, eta gaur egun ildo ezberdinekin kolaboratzen du. Ikerkuntzan dihardu Deustuko Unibertsitateko TherapIker taldean.
Aitana Lertxundi Manterola izango da bigarren solasaldiaren protagonista, urriaren 21ean, 'Ingurunearen osasuna, gure osasuna' hitzaldiarekin. Lertxundi Manterola EHUko Medikuntza Fakultateko Medikuntza Prebentibo eta Osasun Publikoko irakasle agregatua da.
EHUko Basque-Environmental Health Research Group ikerketa taldeko ikertzaile nagusia, BIOGipuzkoa Institutuko Ingurumen Epidemiologia eta Haur Garapeneko ikerketa taldeko CO-IP eta CIBERESPeko 28. taldeko ikertzailea ere bada.
18 urte daramatza ingurumen epidemiologiaren ildoan lanean, eta 2007tik aktiboki parte hartzen du INMA proiektuan (www.proyectoinma.org), Jesus Ibarluzearekin koordinatuta. Europako hainbat proiektutan aritu da (ESCAPE, HIWATE eta LifeCycle).