Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak jakinarazi dute haurrei zuzendutako bronkilitis akutuaren aurkako hirugarren txertaketa kanpainari ekingo diotela datoren astelehenean, irailaren 15ean.
Xede biztanleriaren %90 immunizatzea lortu zuen iazko kanpainan, eta, horri esker, %35 murriztu ziren Lehen Mailako Arretako eta Ospitaleetako Larrialdietako kontsultak, %50 gaixotasunaren ondoriozko 2 urtetik beherako haurren ospitalizazioak eta %65 hiru hilabete baino gutxiagoko haurtxoenak.
Bronkiolitis akutu larria izateko arrisku handiena duten taldeak immunizatuko dira, hau da, ume jaioberriak (kanpainak iraun bitartean immunizatuko dira, udazkenean eta neguan); hiru hiletik beherakoak (kanpainaren lehen asteetan jarriko zaie txertoa); urtebetez azpiko goiztiarrak; biriketako gaixotasunak, bihotzekoak, gaixotasun neurologikoak edo immunitarioak dituzten 2 urtetik beherakoak (Pediatriako espezialistek zuzenean emango diete horren berri familiei).
Bronkiolitis larria arnas infekzio bat da eta nagusiki 2 urtetik beherako haurrei erasaten die. Hasieran, katarroaren antzeko sintomak agertzen dira, hala nola mukiak, eztula edo sukarra, baina egun batzuen buruan beste batzuk ager daitezke, adibidez, arnasa hartzeko zailtasunak, txistuak edo nekea, eta neke horrek esnea hartzean eragiten die haurtxoei.
Normalean, kutsadura kasuak epidemia bihurtzen dira urritik martxora bitartean, eta intzidentziarik handiena azarotik abendura arte izaten da. Kasu gehienetan bronkiolitis akutua larria ez bada ere, haurren eta haien familien bizi kalitatean eragin ohi du luzaroan, eta gainkarga nabarmena eragiten du osasun sisteman epe laburrean.
Bronkiolitisa birus ezberdinek eragindako gaitza da, eta arnas birus sinzituala da ohikoena. Ez dago tratamendu espezifikorik, eta neurri eraginkorrenak gaixoa erosoago egon dadin hartzen direnak dira, hala nola sudur jariakinak garbitzea eta sukarra dagoenean antitermikoak ematea.
Badira urte batzuk prebentzio tresnak daudela, esaterako, Nirsevimab izeneko antigorputz bat. Medikamentu hori muskulu barnetik ematen da birusarekin kontaktuan egon aurretik, dosi bakar batean, eta gaixotasuna prebenitu eta forma larrienak saihestu ditzake. Gaur egun arte gure inguruan egindako azterketek eraginkortasun handia erakutsi dute.