Osakidetzak dentsitometro bat instalatu du Debabarreneko ESIko Eibarko ospitaleak, hezurretako dentsitatearekin lotutako gaixotasunen detekzio goiztiarra eta diagnostikoa hobetzeko, hala nola osteoporosiarena eta osteopeniarena.
Erietxeko osasun arreta hobetzeaz gain, tresnak lagunduko du hainbat patologiatan gorputz osaera aztertzen, Osakidetzako iturriek prentsa ohar bidez jakinarazi dutenez.
Hezur dentsitometria funtsezko prozedura da hezurretako masaren murrizketa aldez aurretik detektatzeko, eta aukera emango dio ospitaleari haustura arriskuaren aurrean prebentzio eta tratamendu estrategia egokiak ezartzeko, bereziki adineko pertsonen eta menopausia osteko emakumeen kasuan.
Erradiazio dosi oso txikiak erabiltzen ditu -errutinazko beste teknika erradiologiko batzuetan erabiltzen direnak baino nabarmen txikiagoak-, eta pazienteentzako prozedura segurua eta azkarra izateaz gain, molestia minimoak eragiten dizkie.
Dentsitometria biztanleen %75ek behar izan lezakeen proba bat izanik, instalazio berriak hezurretako gaixotasunen diagnostikoaren irisgarritasuna areagotuko du. Horrela, arreta integrala eskaini ahal izango zaie pazienteei erradiodiagnostikoan eta ginekologia, erreumatologia, traumatologia eta endokrinologia bezalako zerbitzuetan.
Dentsitometroa erosita, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak Eibarko biztanleentzako osasun estaldura osatu dute, kalitate teknikoa eta segurtasun erradiologikoa bermatzen dituen ekipo berri batekin eta hura maneiatzeaz arduratzen diren langileen prestakuntza egokiarekin.
Tresna berriarekin, Eibarko erietxeak hezurretako patologien diagnostikoa eta tratamendua optimizatu ahal izango ditu eta azterlan eskuragarrien kopurua handitu, artatutako biztanleriaren ehuneko handi baten mesederako.
BIZTANLERIA
Dentsitometroa Eibarko ospitalean kokatzeak Debabarreneko ESIko biztanleen eskaerari erantzuten dio, eta hurbileko beste ESI batzuetara zabalduko du zerbitzua, hala nola Debagoienera eta Urola Garaira. Horrela, Donostialdeko ESIrekiko lankidetza eta sareko lana indartzen ditu, zeinak gaur egun proba osagarri horren Gipuzkoa osoko beharrei erantzuten baitie.
"Ekipamendu eta teknologia berriak funtsezkoak dira arreta medikoa hobetzeko, diagnostiko zehatzagoak, tratamendu eraginkorragoak eta pazienteentzako segurtasun handiagoa ahalbidetzen baititu. Gainera, denborak optimizatzen dira eta gure profesionalei lana errazten zaie haien eraginkortasuna areagotzen duten tresna aurreratuekin", adierazi du Asier Esnal Osakidetzako Debabarrena ESIko zuzendari gerenteak.