Osakidetzak familiako mediku eta erizain bana gehituko dizkio Uribeko ESIko Erandio Goikoa kontsultategiko egungo lantaldeari (mediku batek eta erizain batek osatzen dute), eta, Erandioko Udalarekin (Bizkaia) lankidetzan, eraikina handitzeko lanak hasi ditu, bi kontsulta gehitzeko.

Osakidetzak eta Osasun Sailak jakinarazi dutenez, plaza berriak beteko dituzten langileek goizez eskainiko dituzte zerbitzuak, astelehenetik ostiralera, eta lanaldia banatuko dute Erandio Goikoaren eta Derioko osasun zentroaren artean.

Horrela, osasun publikoko erakundeek Bizkaiko udalerriko beharrizan demografikoetara egokituko dute zerbitzua, azken urteotan biztanleria hazi egin baita nabarmen.

Era berean, Osakidetzak egungo kontsultategia handitzeko lanak hasi ditu Erandioko Udalarekin lankidetzan, Erandio Goikoako bizilagunei arreta erosoagoa eta eskuragarriagoa eskaintzeko.

Hain zuzen ere, kontsultategi berriak bi kontsulta gehiago izango ditu, bat medikuentzat eta beste bat erizainentzat, alegia, eta urriaren bigarren hamabostaldian hasiko dira lanean, obrak amaitu ondoren.

"Erandio Goikoako kontsultategiko langileen hazkundea eta kontsultategia handitzea aurrerapausoa da Lehen Mailako Arreta indartzeko eta pertsona guztientzako kalitatezko asistentzia bermatzeko Osasun Sailak eta Osakidetzak duten konpromisoan", nabarmendu dute.

BESTE GAI BATZUK

Bestalde, Bilboko Udalak Eszena Kalera kaleko arteen zirkuituaren beste edizio bat antolatu du astelehen honetatik irailaren 30era arte, eta 17 euskal konpainiaren 32 emanaldi eskainiko ditu hiriko auzoetan.

Zirkua, magia, musika, kale antzerkia, animazio antzerkia, clownak, dantza, dantza bertikala edota txotxongiloak izango dira, besteak beste, euskaraz eta gaztelaniaz, elebidunak eta testurik gabeak, antolakuntzak jakinarazi duenez.

Eszena Kalera ekimenaren aurtengo edizioan parte hartuko duten taldeen artean daude Zirika Zirkus, Goitibera, Orain-Bi, Hodei Magoa, Hortzmuga, Ganso & Cía, DAB dantza konpainia, Picuentos edota Rojo Telón.