Alberto Martínez Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuak esan du Osakidetza, Euskal Osasun Sistema, “Europako publikoena” dela; % 5,6ko lankidetza publiko-pribatua du, Europako baxuena, hala gure osasun-sistema publikoa indartzeko aukera dugu. “Helburua da osasun-laguntza publikoa izatea. Lankidetza publiko-pribatua badago, hala agertzen da Osasun Itunaren Mahaian adostutako diagnostikoan; helburua da lankidetza mota horrek % 6ko muga ez gainditzea eta zorrotza, gardena, balioa ematen duena, justifikatua eta kontrolatzeko modukoa izatea”, adierazi du Osasuneko sailburuak gaur goizean Radio Euskadin egindako elkarrizketan.
Ildo horretan, azpimarratu du azken zati honetan "konpromisoaren beldurra" ager daitekeela eragile batzuengan, baina gogorarazi du “Ituna akordio bat da, eta guztiok laga behar dugu zerbait, osasunari buruzko ikuspegi bateratua lortzeko”.
Hala, Alberto Martínez sailburuak azpimarratu duenez, Mahaikide bakoitzak izendatutako profesionalak eta pazienteak oso modu konprometituan ari dira lanean, eta adostasunetara iristen ari dira, baita aho batez onartzera ere.
Ildo horretan, tresna bera nabarmendu du Osasuneko sailburuak: Osasun Ituna. Osasunaren inguruan hitz egiteko hainbat arlotako eragileak elkartzea lortu du tresna horrek, “elkartzea bera arrakasta da”. Eta profesionalen eta pazienteen parte-hartzeaz adierazi duenez, “ez zaie bakarrik profesionalei entzun; gainera, estatu osoan gertatu ez bezala, pazienteen ahotsa ere entzun da”. Zorroztasun handiz parte hartu dute paziente horiek”, sailburuaren hitzetan.