Zuntz ugariko dietak mikrobiotari dakarzkion onurak azaldu ditu ikerketa batek
Ikerketan autonomia erkidego guztietako 1.001 pertsona osasuntsuk hartu dute parte
Bartzelonako Vall d'Hebron Ospitaleak egin duen ikerketa batek erakutsi du zuntz ugariko dietak —berdura, fruta, lekaleak eta osoko zerealak— mesede egiten diola hesteetako mikrobiotari. Vall d'Hebron Ikerketa Institutuko (VHIR) talde batek gidatu du lana, eta berriki argitaratu da npj Biofilms and Microbiomes aldizkarian.
Ikerketan autonomia erkidego guztietako 1.001 pertsona osasuntsuk hartu dute parte, lau eskualdetan banatuta (mediterraneoa, iparraldea, barnealdea eta uharteak). Helburu nagusia izan da aztertzea dietak, bizimoduak eta bizilekuak nola eragiten duten hesteetako mikrobiotaren konposizioan eta aniztasunean, eta, beraz, osasunean.
Parte-hartzaileek beren dietari buruzko galdetegiak osatu zituzten azterketa hasi zutenean, sei hilabete eta urtebetera. Guztira, 2.000 profil dietetiko baino gehiago lortu ziren, mikrobiota aztertzeko lagin fekalez gain.
Lagin horietatik, 500 parte-hartzaile osasuntsuren mikrobioma aukeratu zen, eta hesteetako hanturazko gaixotasuna (EII) zuten beste 321 pertsonenarekin konparatu zen. VHIRko ekipoak aldez aurretik frogatua zuen EIIa mikrobiotaren konposizioaren eta dibertsitatearen alterazioekin erlazionatzen dela (disbiosia).
Nutrizio arloko gomendioek mikrobiotari nola eragin diezaioketen aztertzea zen ikerketaren helburu nagusietako bat. Emaitzen arabera, aldeak daude dietan eta mikrobiotetan, norberaren ezaugarrien arabera (adina, generoa eta bizilekua).
Azterketak baieztatzen du dieta osasungarri bat egitea —adituen gomendioen arabera— mikrobioma anitzago eta orekatuago batekin lotzen dela. Bereziki, intxaurretan, frutetan eta barazkietan aberatsak diren dietek lotura dute mikrobio-aniztasun handiagoarekin eta EIIari lotutako disbiosi txikiagoarekin.