Síguenos en redes sociales:

EAEn osasun arreta euskaraz jasotzeko gabezien azterketa helarazi die Behatokiak Osasun Ituneko arduradunei

EAEn osasun arreta euskaraz jasotzeko gabezien azterketa helarazi die Behatokiak Osasun Ituneko arduraduneiUtzitakoa

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako osasun sisteman arreta zuzenari zein profesionalek euskaraz lan egin edo formakuntzari lotuta euskararen telefonoaren bidez jasotako gertaerarik nabarmenenak helarazi dizkie Hizkuntza Eskubideen Behatokiak Osasun Itunaren arduradunei.

Behatokiaren arabera, herritarren bizipenetan oinarrituta egindako azterketak agerian uzten du azken urteetan hutsune berberak zuzendu gabe daudela oraindik eta euskarazko arreta berariaz eskatuta duten herritarrei ere ez zaiela kalitatezko zerbitzua bermatzen.

Helarazitako kexari emandako erantzunetan maiz adierazten da ezin izan dela euskarazko arreta bermatu kontratazio zerrendetan euskararen ezagutzarik ez duten profesionalak daudelako edo euskaraz arreta eskaintzeko maila egokirik ez dutelako.

"Sistema osoa zerbitzua euskaraz eskaini eta lan egiteko gai ez izateak, zerbitzua euskaraz berdintasunean jaso ezin izatetik harago, osasun arloko erakundeetan hizkuntza ohiturak ere ezartzen ditu", ohartarazi dute Behatokitik.

Horrela, 2023an eta orain arte 2024an izandako intzidentzia nabarmenenak helarazi dizkie Osasun Ituneko arduradunei, besteak beste, espezialisten arreta eta zerbitzuak euskaraz jasotzeko ezintasuna (ez da nahikoa erizaina euskalduna izatearekin); euskarazko eskaintza aktibo baten falta hainbat osasun etxe eta zentrotan eta, ondorioz, pazientea berariaz euskaraz nahi duela adierazten ibili beharra.

Era berean, zerbitzua euskaraz eskatzeak askotan "konfliktoa" sortzen dio pazienteari, zerbitzua lasaitasunez euskaraz eskatzeko beldurra edo erreparoa izaten baitu, eta arreta euskaraz eskatzeak zerbitzu bera jasotzeko denbora gehiago inbertitu beharra dakarkiolako hainbat kasutan.