Gobernu Kontseiluak, Osasun Sailak proposatuta, 300.000 euroko laguntzen deialdia onartu duCAll for transnational proposals 2023 – "Healthcare of the future" nazioarteko lehia-deialdian hautatutako euskal partaidetza duten I+Gko proiektuetarako. Hori guztia Europako Transforming Health and Care Systems (THCS) delakoaren lankidetzaren esparruan, non Osasun Sailak, Bioef-en laguntzarekin, agentzia finantzatzaile gisa parte hartzen duen.

Deialdiaren bidez, soluzio berritzaileak garatzen lagundu nahi da, osasun- eta laguntza-sistemek gaur egun dituzten eta etorkizunean izango dituzten erronkei aurre egin ahal izateko. Horren barruan sartzen da jada eraginkorrak direla erakutsi duten jardunbide arrakastatsuen adopzioa eta transferigarritasuna identifikatzea eta sustatzea. Dagoeneko existitzen diren soluzio horiek aplikatzeko ikerketa eta berrikuntza lagunduz, deialdiak aldaketaren erritmoa bizkortu nahi du, eta eragin positiboa lortu osasun- eta laguntza-sistemetan, modu eraginkorragoan.

Europako Transforming Health and Care Systems (THCS) garapenerako lankidetzak 26 herrialdetako 64 bazkide biltzen ditu, Europar Batasunak batera finantzatzen du Horizonte Europa Esparru Programaren barruan, eta pertsonengan zentratutako osasun- eta laguntza-sistema jasangarriagoak, erresilienteak, berritzaileak eta kalitate handikoak lortzeko trantsizioa bermatzea du helburu. "Healthcare of the Future" deialdiak ospitaleetan edo beste osasun-zentro batzuetan tratatutako paziente gero eta gehiago egoteak planteatzen duen erronkari heltzen dio, baita asistentziaren jarraitutasuna bermatzeko eta ospitale-zerbitzuak arreta anbulatorioarekin hobeto integratzeko beharrari ere.

Osasun Sailak —2022-2025 aldirako Osasun arloko Ikerketa eta Berrikuntza Estrategiaren bidez (OIBE 2022-2025)— Euskadin ikerketa eta berrikuntzaren sustapena bultzatzen du, nazioartean garrantzia duen osasun-ezagutza sortzeko xedearekin, pertsona erdigunean jarriz, gizabanako gisa zein gizarteko kide gisa.

Gainera, Saila inplikatutako eragile guztiak koordinatzeko eta eskualdeko Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Sistemaren garapen kohesionatua lortzeko lanean ari da. Haren ardatz estrategikoen artean, I+Garen nazioartekotzea nabarmentzen da, Euskadiren posizionamendua indartzea, nazioarteko lankidetzak zabaltzea eta funts globalak erakartzea bilatzen duena, era horretan mundu-mailan aintzatetsitako ezagutza sortuz eta Europako proiektuen buru izanez. Helburu horiek lortzeko, Horizonte Europa programazio-deialdi bateratuetan euskal partaidetza finantzatzeko laguntzak emango ditu Sailak, baldin eta baterako finantzaketa nazionala behar badute.