Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuak aurkeztu dio Gobernu Kontseiluari Euskadiko Osasun Mentaleko Estrategia (2023-2028). Adostasunaren inguruan eraikitako bide-orri horren helburua da nahasmendu mentalen arreta eta prebentzioa hobetzea eta Euskal Autonomia Erkidegoan osasun mentala sustatzea sailburuak azaldu zuenez.

"Osasun mentala funtsezkoa da pertsonen eta gizarteen osasunerako eta ongizaterako. Bizitzaren arlo guztietan du eragina, arlo pertsonalean, familiarrean, lanekoan, sozialean eta komunitarioan. Hala ere, nahasmendu mentalak dituzten pertsonentzako eta haien senideentzako baliabide eta zerbitzu egokiak eskuratzea zailtzen duten estigmak, aurreiritziak eta oztopoak daude oraindik. Hori dela eta, nahasmendu mentalak dituzten pertsonen prebentzioa, detekzio goiztiarra, tratamendu eraginkorra, errehabilitazioa eta gizarteratzea sustatuko duten politika publikoak bultzatu beharko dira", azaldu zuten Eusko Jaurlaritzatik.

Hain zuzen ere, herrialde-estrategia horren helburua da herritarren osasun mentala hobetzeko tresna erabilgarria eskaintzea, gaixotasun mentala duten pertsonei zuzendutako arreta integrala sustatzea, haien senideei laguntzea eta errekuperazioa eta gizarteratzea erraztuko duen arreta-eredu komunitarioa bultzatzea.

ILDO ESTRATEGIKOAK

Euskadiko Osasun Mentaleko Estrategiaren bidez, nahasmendu mentala duten pertsonek beren bizi-proiektua osotasunez garatu ahal izango duten gizarte inklusiboa, solidarioa eta aniztasunarekiko errespetuzkoa lortu nahi da. Horretarako, bide-orri horrek zenbait ildo estrategiko planteatzen ditu, eta horien artean nabarmentzen dira:

  • Osasun mentaleko esku-hartze guztietan, giza-eskubideen, generoaren eta aniztasunaren ikuspegia
  • Osasun-arreta primarioan eta osasun mentaleko zerbitzuen sare integratuan oinarritutako arreta komunitarioaren eredua indartzea, diziplina anitzeko taldeekin —errekuperazio-eredura orientatuak eta zerbitzu soziosanitarioen sarearekin koordinatuak—.
  • Osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonek eta haien senideek eta gizarte-erakundeek osasun mentaleko politiken eta programen diseinu, inplementazio eta ebaluazioan parte-hartze aktiboa izan dezaten sustatzea.
  • Euskadiko Osasun Planean (2030) ere islatzen da nahasmendu mentalen prebentzioaren aldeko eta osasun mentala haurtzarotik zahartzarora sustatzearen aldeko apustu irmo hori —arreta berezia eskainiko zaie talde zaurgarriei eta krisi- eta larrialdi-egoerei—.
  • Osasun mentala gizarte, hezkuntza, enplegu eta kulturaren arloko politiketan txertatzea, nahasmendu mentalak dituzten pertsonentzako arreta integrala eta koordinatua berma dadin.