Elgoibarko CIFP Mekan izan da ikasturtearen irekiera ekitaldia, bertako Lanbide Heziketaren 125. Urteurrenaren testuinguruan.

Imanol Pradales Lehendakariak, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuarekin, Jon Labaka Lanbide Heziketako sailburuordearekin, Eider Mendoza Gipuzkoako Diputatu Nagusiarekin, Maialen Gurrutxaga Elgoibarko alkatearekin eta Jose Maria Beristain ikastetxeko zuzendariarekin batera, ikastetxera bisita egin du.

"Ikastetxe hori adibidea da, nola Lanbide Heziketak garai bakoitzera berrikuntzarekin eta ingurune sozial eta produktiboarekin duen konpromisoarekin egokitzen dakien erakusten duena". Mekan 700 ikasle inguruk ikasten dute —200 industria eta automozio esparruetan, eta 500 zerbitzuetan—, eta herrian IMH zentro integratua ere badago, beste 300 ikasle hartzen dituena. Elgoibar herri esanguratsua da euskal Lanbide Heziketari dagokionean.

"Beste behin ere, egokitu eta asmatu egin behar dugu Lanbide Heziketak behar dugun ‘azken miliako prestakuntza’ izaten jarrai dezan. Etorkizunean jokoan dugun berrindustrializazioan laguntzen jarrai dezan, Euskadin eta Europan"

Lehendakariak bere hitzaldian nabarmendu duenez, "ildo beretik lan egiten jarraitu behar dugu, autoexijenteak izanik, erronka, ziurgabetasun eta eraldaketa izugarriei aurre egiten diegulako. Teknologia aldatzen da. Irakasteko eta ikasteko modua aldatzen da. Lan-mundua eta gizartea aldatzen dira. Beste behin ere, egokitu eta asmatu egin behar dugu Lanbide Heziketak behar dugun ‘azken miliako prestakuntza’ izaten jarrai dezan. Etorkizunean jokoan dugun berrindustrializazioan laguntzen jarrai dezan, Euskadin eta Europan".  

Ikasle, plaza eta aukera gehiago dituen Lanbide Heziketa bat

Euskadiko Lanbide Heziketak hazten eta talentua erakartzen jarraitzen du: 50.902 ikasle dagoeneko hasiak dira beren ikasketak prestakuntza-zikloetan, ziurtagiri profesionaletan eta espezializazio-ibilbideetan, eta datozen asteetan kopuru hori gainditzea aurreikusten da, matrikula urriaren 17ra arte irekita. Zifra errekor hori 65.710 plazako eskaintzan oinarritzen da, aurreko ikasturtean baino 2.920 gehiago.

Horietatik gehienak Goi Mailako zikloetakoak dira, eta % 69 sare publikoan eskaintzen dira, Hezkuntza Sailak sistema irisgarriago, bidezkoago eta kalitatezkoago baten alde egindako apustuaren isla.