Gazteriaren Foru Erakundeak eta Hell Doradok berriz ere indarrak batu dituzte, eta neguko musika lantegien hirugarren edizioa antolatu dute. Lantegiak 14 eta 29 urte bitarteko gazteentzat dira, oporraldian egiteko, eta dagoeneko izena eman dezakete, doan, Hell Doradoren webgunean. Aurtengo berritasuna Alba Saladok emango duen Hip-Hop lantegia da.

“Musikaren, kulturaren eta gazteriaren aldeko apustua egiten dugu, dagoeneko egiten ari garen lan arrakastatsua aprobetxatuz, eta Gazterocken lanean urteak daramatzaten Hell Doradok eta Juan Uriartek ematen diguten bermearekin”, adierazi du Ana del Val foru diputatu eta Gazteriaren Foru Erakundeko lehendakariak.

Lantegiak honako hauek dira:

  • Hip-Hop eta hiri musiken dantza lantegia (Alba Salado).
  • Sei talde berrirentzako edo profesionalizazio bidean daudenentzako prestakuntza lantegia, hiru ataletan banatuta:
  • Musika taldeentzat soinu profesionalizazioko lantegia (Urtzi Arakamak emana).
  • Kontzertuen ekoizpen profesionaleko eta sare sozialen maneiuko tailerra (Iñaki Urbizuk emana).
  • Bideo, film labur eta bideo-klip lantegia (Jokin Larrañagak eta Maite Ponferradak emana).

“Programa hau, Gazte Rockenaren antzera, arrakastatsua da, musikaren eta gazteen alde egiten dutelako, egonaldi moderno eta desberdinaren ikuspegitik. Kutsu artistiko-sortzaileko lantegiak dira, gazteen musika gaitasunak garatzera bideratuak. Osagai guztiak dituzte, abesti onek bezala, funtzionatzeko”, esan du amaitzeko Del Valek.

Lantegiak Gabonetako oporraldian egingo dira, abenduaren 26tik 29ra eta abenduaren 30etik urtarrilaren 4ra. Gainera, bi lantegi horiek azken emanaldi publikoa izango dute abenduaren 29an (dantza) eta urtarrilaren 6an (banden kontzertua), oraindik baieztatu gabe dagoena.

Inskripzioak doakoak izango dira.