Bilboko 2024ko Aste Nagusiko kartel lehiaketara lanak aurkezteko epea igandean bukatuko da, ekainaren 2an. Kartelak sarean aurkeztu behar dira, www.bilbao.eus webgunean, eta irabazleak 3.000 euroko saria jasoko du, Bilboko Udaletik jakitera eman dutenez.
Lanak originalak eta argitaragabeak izango dira, eta parte hartzaile bakoitzak gehienez bi aurkez ditzake. Formatu bertikalean aurkeztu beharko dira (50 cm x 70 cm), 'BILBAO 2024-ASTE NAGUSIA-ABUZTUAK 17-25 AGOSTO' testua sartuta. Gainera, kartela izenburu edo lelo batekin identifikatu behar dute, eta deskribapen labur bat erantsi.
Diseinu grafikoko profesionalek eta amateurrek parte hartu ahal izango dute, eta, berritasun gisa, adimen artifizialeko sistemen erabilerari buruzko zehaztapen bat gehitu da oinarrietan: "Egileak adimen artifizialeko sistemaren bat erabiltzen badu kartela egiteko, horren berri eman beharko du. Horrez gain, tresna hori zer neurritan erabili duen eta nola zehaztu beharko du, eta jabetza intelektualaren eskubideak errespetatzen direla bermatu beharko du".
Ildo horretan, balorazioari dagokionez, zehaztu da gizakiek egindako kartelak hobetsiko direla adimen artifizialarekin egindakoen gainetik.
Finalera helduko diren sei kartelen lehen hautaketa Jai Batzordeak izendatutako epaimahai batek egingo du. Diseinu grafikoaren eta komunikazioaren alorreko bost lagunek, udalbatzako hiru ordezkarik (Jai Batzordeko presidente Itziar Urtasun barne) eta Bilboko Konpartsen ordezkari batek osatuko dute epaimahaia, eta generoa eta sexu orientazioa, jatorria eta kultura, dibertsitate funtzionala, adina, klase soziala, gorputz mota eta abarrekoak irudikatzean dibertsitatea baloratuko dute, rolak eta estereotipoak saihestuz.
Gero, herritarrek sei kartel finalistak bozkatuko dituzte, ekainaren 17tik 23ra bitartean. Ohikoa denez, herritarrek Aste Nagusiaren irudia hautatzeko orduan parte har dezaten sustatzeko, bozketa sistema mistoa proposatuko da: bertatik bertara (lekua zehaztu barik dago), digitala (udal webgunearen bidez) eta epaimahaiaren bozketa. Hiru bozketak batuta puntuaziorik handiena lortzen duen kartelak irabaziko du. Epaia ekainaren 25ean eta kartel finalistak 3.000 euroko saria jasoko du.